Kirol emanaldiek ohi bezala tarte handia izango dute uda honetan ETB1eko programazioan. Larunbatetik aurrera, Frantziako Tourra izango da ikusgai arratsaldero. Estropada eta pilota jaialdi asko ere emango dituzte datozen hiru hilabeteetan.
Udako saio berrien artean, berriz, Goenkalez blai uztailaren 12an estreinatuko dute. Bertan, Goenkale-ren ibilbidean ikus-entzuleengan aztarna utzi duten istorioak bilduko dituzte. Beste berrikuntza bat (H)eltzean erreportaje saioa izango da. Euskaraz dakien etorkin bat elkarte batera gonbidatuko du euskal kuadrilla batek. Eta etorkinak sorterriko errezeta bat prestatuko du. Asteazken gauean musikariei buruzko saio berri bat emango dute: Beste bat, eta datorren asteazkenean estreinatuko dute programa.
Abuztuan, Arratsaldero magazineko lan taldeak atsedena hartuko du. Eta ordu horretan astelehenetik ostiralera Euskadi tropikala? magazin berria emango dute. Aurkezlea Kalaka-n ibilitako Amaia Artetxe izango da. Jaietako erreportajeek tarte zabala izango dute.
ETB2 katean atzerriko telesailak izango dira nagusi uda honetan. Igande gauean V telesailaren bigarren denboraldiko atalak ematen hasi dira jada. Bestalde, La mujer biónica, Surface eta Damages telesailak emango dituzte datozen asteetan.
'Eitb.com'-ek, diseinu berria
Irailetik aurrera EITBren webguneak diseinua berrituko du. Webguneak Euskal Irrati-Telebistak sortutako ikus-entzunezko eduki guztiak biltzea eta zabaltzea izango du helburu. Batetik, berriki aurkeztutako EITB Nahieran atariaren sarrera erraztuko du. Bestetik, albiste edukiei arreta berezia eskainiko die. Gaztea ataria eta Hiru3 haurrentzako gunea ere eskainiko ditu webguneak.
Komunikazioa
'(H)eltzean', 'Beste bat', 'Goenkalez blai' eta 'Euskadi tropikala?' udan ETB1en
ETB2 katean atzerriko hainbat telesail emango dituzte; tartean, 'V', 'Surface', 'La mujer biónica' eta 'Damages'

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu