Herri ekimeneko euskal hedabideen webguneetako bisiten %73,59 telefonoaren bidez egiten dira

Euskal Hedabideen Urtekarian argitaratutako datuen arabera, 2025ean 41,24 milioi saio erregistratu zituzten euskal hedabideen webguneek. Datu horretan ez dituzte aintzat hartu EITBrenak eta hedabide elebidunetakoak.

Herritar bat sakeleko telefonoan BERRIAren albisteak irakurtzen. BERRIA
Herritar bat BERRIAren albisteak sakeleko telefonoan irakurtzen. BERRIA
urtzi urkizu
2026ko martxoaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herri ekimeneko euskal hedabideek errekor bat lortu zuten 2025ean, webguneen audientzietan. Izan ere, iaz 41.241.732 saio erregistratu zituzten, inoiz baino gehiago. Aurreko urtearekin alderatuta, %1,39 gehiago. Behategia euskal hedabideen behatokiak joan den astean aurkeztu zuen Euskal Hedabideen Urtekaria, Uztaritzen (Lapurdi). Josu Amezaga, Libe Mimenza eta Ane Martinez EHUko ikerlariek audientzia horien inguruko artikulu bat plazaratu dute urtekarian. Eta han diotenez, 2020. urtean — ezohikoa izan zen, koronabirusaren osasun krisialdiarengatik— suertatutako «errekor historikoa lehen aldiz gainditu da». Datu horietatik aparte gelditzen dira EITB taldearen webguneetakoak eta hedabide elebidunen webguneetako euskarazko artikuluetakoak.

Euskara hutsezko hedabideen webguneen bisitetan, oso agerikoa da azkeneko hamahiru urteetan gertatu den aldaketa. «2013an saio gehienak ordenagailutik egiten baziren ere, oso urte gutxian telefono adimentsuak aurreratu zitzaizkion, eta 2025ean erregistratutako bisiten %73,59 egin dira telefonoaren bidez», zehaztu dute EHUko ikerlariek artikuluan. Tableten erabilerak gorantz egin zuen 2013an eta 2014an, baina geroztik beherantz egin du, eta oso txikia da haien pisua.

Hedabide moten arteko aldeak nabarmenak dira. Tokiko hedabideen webguneetan, bisiten %76 dira telefonokoak eta %22 ordenagailukoak; hedabide orokorretan (BERRIA, Argia, Hamaika, Zuzeu) bisiten %68 dira telefonokoak, eta %29 ordenagailukoak; eta gaikako hedabideetan, bisiten %38 dira telefonokoak, eta %61 ordenagailukoak. 

Bisiten denbora

Datuek erakusten dute, halaber, alde nabarmena dagoela hedabide mota batetik bestera saioen iraupenari dagokionez. Webgune orokorretan, saio bakoitzak batez beste lau minutu eta 43 segundo irauten du; tokikoetan baino minutu bat eta erdi gehiago, alegia —hiru minutu eta zazpi segundoko saioak izaten dira, batez beste—; eta gaikako hedabideetan halako bi baino gehiago —bi minutu eta hamalau segundoko saioak izaten dira batez beste—. Ikerlariek azaldu dute analitika digitaletan metrika asko konbinatu behar direla panorama osoa ulertzeko. «Esan daiteke hedabide orokorretako saioak egonkorragoak direla tokikoetakoak baino, eta denbora luzeagokoak».

Bisitatutako orrialdeei dagokienez, tokiko webguneetako saioetan batez beste 2,45 orri bisitatzen ditu erabiltzaile bakoitzak; webgune orokorretan, batez beste, 2,07 orri; eta gaikako webguneetan, batez beste, 1,75 orri.

Ikertzaileen ondorioak

Behategiak hirurogei webguneren datuak aztertu ditu azken bi urteetan. Azken bizpahiru urteetan trafikoa «egonkortu» egin dela ondorioztatu dute Amezaga, Mimenza eta Martinez ikerlariek. «Esan daiteke euskara hutsezko herri ekimeneko hedabideen sistemak fase bat bete duela, eta orain arteko digitalizazio erronka bati arrakastaz aurre egin diola».

Aurreko urteetan erronkak ez dira txikiak izan: hedabide tradizionalen eguneroko presentziaren ahultzea, telefono adimendunen etorrera, sare sozial deituriko plataformen eztanda, eta trafiko digitala aztertzeko tresnen sortzea eta eraldatzea, besteak beste. «Digitalizazioak eragindako aldaketa sakonen harira, modu berriekin jokatu beharra zegoen, eta esan daiteke euskara hutsezko herri ekimeneko hedabideen sektoreak inertziak uxatu dituela eta abian jarri dela». Ikerlarien aburuz, ordea, ezin dira egindakoarekin ase. «Egindakoak ez du esan nahi oraindik bide honetan zeregin gehiagorik ez dagoenik. Badaude, egon, eta ugari».

Sektoreko eragile guztiei adi egoteko deia egin diete artikuluaren egileek: «Hedabide bakoitzak, jadanik dituen trebezia eta tresnekin, arretaz jarraitu beharko du hemendik aurrerako bidean, aukerak baliatuz eta mehatxuei aurre eginez. Erakunde publikoek, beren ekarriarekin jarraitu ez eze, handitu ere egin beharko dute; gero eta konplexuagoa den eremu batean bertan goxo geratzea, turbulentzia egoera honetan, atzera egitea baita».

Datu analisietan muga batzuk badituztela aitortu dute ikerlariek. «Azken urteetan garatu ditugun tresnak, Behategia Analytics bereziki, ezin izan ditugu ehuneko ehunean ustiatu, arrazoi batzuk direla medio. Asko ematen dute jada, baina gehiago eman dezakete; eta laster emango dutelakoan gaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.