Hik Hasik bideopodcast bat estreinatu du

Haziera eta heziketa gaien gaineko esamesei erantzuna emateko bideopodcasta sareratuko dute hilean behin. 'Non edo non' izena du saioak.

'Non edo non' bideopodcasta Hik Hasiren egoitzan grabatzen dute. HIK HASI
'Non edo non' bideopodcasta Hik Hasiren egoitzan grabatzen dute. HIK HASI
urtzi urkizu
2026ko martxoaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Non edo non entzun dut...?» galdera izango du abiapuntu Hik Hasik sortu duen Non edo non bideopodcastak. Kirol edo kultura arloko guraso ezagun batek egingo du galdera, eta entzun duen gaiari buruzko kezkari erantzuna emango dio aditu batek.

Olatz Lasagabaster Hik Hasiko erredaktorearen eta adituaren arteko solasaldi dinamikoak eta gaurkotuak osatuko du bideopodcastaren hezurdura. «Ez dira gutxi izaten helduek haziera eta heziketa kontuetan izaten dituzten buruhausteak. Non edo non entzundako kontuek eta baieztapenek zalantzak sor ditzakete, eta kezkak argitzen laguntzeko eta korapiloak askatzeko helburua izango du bideopodcastak», iragarri du Hik Hasik.

Gurasoentzako, familientzako eta irakasleentzako tresna izan nahi du Non edo non bideopodcastak. Haziera eta heziketa gaietan informazioa, orientazioa eta kalitatezko erreferentziak ematea du helburu. «Gaininformazioak markatutako garai hauetan, eta eduki zorrotz baina eskuragarrien beharra gero eta handiagoa denean, proiektu berri honek herritarren benetako kezkei erantzun nahi die. Horretarako, formatu hurbil eta gaurkotu baten alde egin du: gaur egun oso hedatuta dagoen bideopodcasta», azaldu du Lasagabasterrek.

Horrekin batera, haziera eta heziketa gaietan esperientzia eta eskarmentua duten Euskal Herriko adituek hartuko dute parte, euskaraz eta Euskal Herrian sortua izanik. Familiei «informazio fidagarria eta kalitatezkoa» erraz eskuratzeko aukera ematen dien baliabide berritzailea eskaintzen du, eta, aldi berean, haurren, gazteen eta gurasoen ongizateari eta familia osoaren ongizateari ekarpen esanguratsua egiten dio. Hazi Hezi aldizkariaren osagarri da Non edo non bideopodcasta.

Etxeko gatazkak

Lehen atalean, Andoni Aizpuru telebista aurkezleak egin du galdera: «Non edo non entzun dut garrantzitsua dela helduok espektatibak murriztea eta umeengan haiei ez dagokien ardurarik ez jartzea…? Hala al da?». Galderari erantzuteko Nerea Mendizabal psikopedagogoa eta komunikazio ez-bortitzean aditua izan da gonbidatua. Olatz Lasagabaster Hik Hasiko erredaktorearen eta bien arteko solasaldian erantzun diote galderari, eta, bide batez, etxeko gatazkak gutxitzeko pilulak eskaini ditu.

Lan berria Hik Hasiren egoitzan grabatuko dute. Gidoia Lasagabasterrek egingo du, eta animazioak eta edizioa, Paula Estevez ilustratzaileak eta Hik Hasiko komunikazio arduradunak. Hilero atal bat sareratuko dute, hileko lehen ostiralean, hain zuzen ere. Hik Hasiren webgunean, Youtube kanalean eta sare sozialetan ikusi ahal izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!