Holokaustoa ulertzeko ezinbestekoa

Filmin plataformak 'Shoah' dokumentala jarriko du bere katalogoan, zaharberrituta, baita Claude Lanzmannek egin zuen lan haren inguruko dokumental bat ere.

'Shoah' dokumentala. FILMIN
'Shoah' dokumentala. FILMIN
urtzi urkizu
2026ko otsailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Filmin plataformak kultuzko filmen hautaketa berezi bat abiarazi du berriki, Filmin Picks izenburupean. Eta egitasmo horren barnean, ordainpeko zerbitzuak bere katalogoan jarriko du bihar Claude Lanzmann zinemagilearen Shoah erreferentziazko dokumentala, zaharberrituta. Duela berrogei urteko film bat da, oso luzea: bederatzi ordu baino gehiago irauten du —566 minutu, zehazki—, eta ezinbestekoa da Holokaustoa zer izan zen ulertzeko.

Treblinka, Auschwitz, Sobibor, Chelmno eta Belzec-eko nazien kontzentrazio eremuetan gatibu izandako hainbat biktimaren lekukotzak ageri dira dokumentalean, eta horretan oinarritzen da film osoa: lekukotzetan. Inolako beste dramatizaziorik egin gabe. Artxiboko irudirik ere ez du Lanzmannek erabiltzen Shoah handian. Simon Srbenik, Michael Podchlebnik, Motke Zaidi eta Hanna Zaidi dira lekukotza ematen dutenetako batzuk. Kontzentrazio eremuetan ofizial naziak izan zirenen hitzak ere entzuten dira.

Dokumentalak Frantziako Kultura Ministerioaren babesa izan zuen. Les Films Aleph ekoiztetxearen esku egon zen filmaketa. Zinemaren historiako lanik esanguratsuenen artean sartu izan dute sarri. Lanzmannek 11 urte pasatu zituen Shoah egiten. 2018an hil zen zinemagilea, Parisen.

Je navais que le neant - Shoah par Lanzmann dokumentala
'Je n'avais que le néant - Shoah par Lanzmann' dokumentala. FILMIN

Era berean, Lanzmannek egin zuen lan erraldoi horren inguruko dokumental bat estreinatuko dute Filminen bihar: Je n'avais que le néant - Shoah par Lanzmann (2025). Guillaume Ribot zinemagileak ondu du Shoah egiteko ahaleginaren erretratua. Dokumental berri hori Berlingo zinema jaialdian aurkeztu zuten iaz, eta Filminek antolatzen duen Atlantida Mallorca Film Fest jaialdian ere eman zuten.

Filmin Picks egitasmoaren barnean, beste lau film hauek sareratu dituzte urtarrilaren amaieran: Panna a netvor (Juraj Herz, 1978), Happy End (Oldrich Lipsky, 1967), Dark City (Alex Proyas, 1997) eta The Terminal Man (Mike Hodges, 1974).

Cineclub Filmin, gaurtik

Beste egitasmo bat ere martxan jarriko du gaur Filmin plataformak: Cineclub Filmin. Plataformaren Youtubeko kanalean zinemaren inguruko solasaldiak egingo dituzte. Aurreneko atalean, Victor Salmeron zinema dibulgatzailea eta Jaume Clurat Muxart zinemagilea ariko dira solasean, 19:00etan hasita. Claret Muxartek Estrany Riu filma aurkeztu zuen iaz Veneziako Biurtekoan, eta Filmin plataformako katalogora iritsi da berriki. Donostiako Elias Kerejeta Zine Eskolako lehen belaunaldiko ikaslea izan zen Muxart.

Azkeneko hilabeteetan zeresana eman duen film saritu bat ere estreinatuko du bihar Filminek: Jafar Panahi Irango zinemagilearen Un simple accident. Cannesko zinema jaialdian Urrezko Maskorra irabazi zuen iaz. Oscar sarietarako bi izendapen ditu. Irango autoritateek Mehdi Mahmudian filmeko gidoilaria atxilotu dute aste honetan.

Plataforma berean ikus daiteke Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren Maspalomas euskarazko filma ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.