Julian Iantzik hemeretzi denboralditan jarraian aurkeztu zuen ETB2 katean El conquistador del fin del mundo saioa. 2023. urtean, TVEk reality-aren bertsio bat egin zuen, eta hartan ere Iantzi aritu zen aurkezle. Horren eraginez, ETBk erabaki zuen 20. denboraldian ez jartzea Iantzi aurkezle lanetan —Lur Errekondo eta Patxi Alonso aritu ziren aurkezle 20. eta 21. denboraldietan—. ETBrekin lanean jarraituko zuela adierazi zuen Iantzik orduko hartan BERRIAn, eta hala izan da. Are gehiago, iaz Conquis-eko eztabaida saioa aurkezteari ekin zion. Datorren astelehenean hasiko da ETB2 kateko Conquis saioaren 22. denboraldia, eta aurtengo Karibeko abenturan Iantzi bera ere izango dela iragarri dute. Hortaz, aurten Lur Errekondo, Patxi Alonso eta Iantzi bera izango dira lehiaketako aurkezleak.
Lehen aldia da saioak hiru aurkezle izango dituela. Baina ezusteko gehiago izango direla iragarri du ETBk, eta hori lehen galan argituko dute.
Jakina dena zera da: reality-aren 22. denboraldia Dominikar Errepublikako Los Haitises parke nazionalean grabatu dutela. «Muturreko probak» izango dira ETB2ko reality-an, ohiko moduan. «Abentura bikoitza» izango dela iragarri dute iragarkietan Patxi Alonsok eta Lur Errekondok. Horren esanahia zein den hilaren 12ko gala berezian azalduko dute.