Auzia lehendik dator, baina Ibon Uzkudun telebistako gidoilari, ekoizle eta aurkezleak TVG Galiziako telebista publikoa salatu du epaitegietan. Coruñako Auzitegi Probintzialean (Galizia) epaia emateko daude oraindik, Uzkudunek salatu baitu telebista horrek jabetza intelektualeko eskubideak «bidegabeki» urratu zituela.
2009. urtean, Uzkudunek Jai giro izeneko saioa ekoitzi, zuzendu eta aurkeztu zuen ETB2 katean. Programa horren bertsio galiziarra egiteko proposamena egin zion urte berean TVGko orduko zuzendariari: Rosa Vilasi. Uzkudunek Nos Diario galegozko egunkariari kontatu dio Vilasek orduko hartan «gogo handiz» hartu zuela proposamena eta zera esan ziola: «Nik saio hori hemen egin nahi dut». Elkarrizketekin aurrera jarraitzekotan gelditu ziren, baina Uzkudunek dio inork ez ziela erantzun berak TVGra bidalitako mezu elektronikoei. Handik hilabete batzuetara, ordea, Galiziako telebistak Na punta do pé saioa estreinatu zuen —handik gutxira, Vaia Troula izena jarri zioten—. «Ordura arte TVGk ez zuen halako saiorik egin. Ezin nuen sinetsi. TVGrekin gertatu zitzaidana ez zait inoiz gertatu, ez inguruan ez nazioartean», esan dio Uzkudunek Nos Diario-ri.
Galegozko egunkariak kontatu duenez, orduko hartan Uzkudunek ez zuen auzitara jo, haren bikotekidea kantaria delako eta sarri parte hartzen zuelako TVGn. Baina 2016an Vilasekin elkartu zen auziaz hitz egiteko, eta TVGko zuzendaritzak ez zuen auzia konpontzeko asmorik azaldu. Auzitara jo zuen orduan. «Sektoreko profesionalen babesa dut, baita Galiziako irrati-telebistako langile batzordeena zein kultur arloko sortzaileena ere», dio Uzkudunek.
Vilasek eta TVGko zuzendaritzak «eskubide laboral eta etikoak» urratu dituztela salatu du Uzkudunek.
Galiziako irrati-telebista publikoak dio azken epaiak salaketa baztertu duela eta arrazoia eman diola TVGri.