Komunikazioa. Euskal komunikazioa eta sare sozialak (V). Patxi Gaztelumendi. Kazetaria eta blogaria

«Igorle eta hartzaile eredu bakarrak porrot egin du»

Hamaika eta Info7rako saio bana egiten du Gaztelumendik.

BOB EDME.
urtzi urkizu
2011ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Teknologia berriak gustuko dituen aktibista da Patxi Gaztelumendi (Larrabetzu, Bizkaia 1972). Hitza arma gisa baliatuz, gauzak argi eta garbi libre adieraztearen aldekoa dela dio www.gaztelumendi.org blogean.

Twitterren hasi zinean euskaldun gutxi zeuden bertan, ezta?

Duela 1.670 egun sortu nuen egun darabildan kontua (lau urte eta erdi). Uste dut ondo egin nuela kontu hori eta gerora etorri direnak sortzen. Interesgarria iruditu zitzaidan hasieratik, eta uste dut euskaldunok oro har tresna hau ondo baliatu dugula. Hacktibismo sozialetik eta militantetik gauza sano garrantzitsuak egiten ikasi dugu, eta lagun berriak ere egin ditugu, tartean.

Zertan aldatu du eta alda dezakete sare sozialek euskal komunikazioa?

Aldatu baino gehiago, areagotu egin dezake komunikazioaren esparrua hedatuz. Igorleen figura sozializatuz, demokratizatuz. Hedabideen lanak, bere horretan jarraituko du, noski, eta hobetu egin daiteke, gainera, parte hartzea bultzatuz. Parte hartzeak eta komunikazioak ez lukete etsaiturik egon behar. Informazioaren eta komunikazioaren esparru sozialean euskarak erronka garrantzitsuak ditu. Kudeatzaile asko, ordea, oraindik ez da ohartu. Excell taulak albo batera utzi, eta sareak nondik jotzen duen ikusi beharko lukete.

Gaur egun komunikazio enpresak krisian daudela esaten da. Internetekin, aldiz, komunikazioa aberastu egin dela iruditzen zaizu?

Krisian eredu neoliberala dago. Krisi hau kapitalismoarena da, izatekotan. Komunikazioa bera ez dago krisian. Igorle eta hartzaile eredu bakarrak porrot egin du. Batzuek inoiz baino gaitasun gehiago dugu komunikatzeko, betiko mezua eta egungo tresnak uztartuta. Egunkari gutxiago saltzen den arren, ez da informazio gutxiago jasotzen, ezta?

Badira Twitterzaleak Facebooken aurka azaltzen direnak. Facebookek, hala ere, baditu bere gauza onak ezta?

Kalimotxoa ala garagardoa? Nik garagardoa edaten dut sarriago, baina ardoa ere gustatzen zait. Kasu honetan, bien arteko interakzioa bilatzea da erronka. Sare sozialak, eduki libreak, ikus-entzunezko euskarriak... denak eskuragarri jartzea.

Sare sozialekin blogek behera egin dutela iruditzen zaizu ala bateragarriak dira?

Modarekin egin zuten gora, eta modarekin egin dute behera. Hori bai, blog interesgarrien kopuruak gora egin du, eta nabarmen. Nik neuk, ez dut lehen baino gutxiago idazten. Eta blogean sakontasun bat ematen saiatzen naiz. Edukiak oso garrantzitsuak dira, eta edukien sorkuntzan ari garenontzat tresnak tresna dira, eta ez helburu. Badirudi, hori ez zaiola oso ondo azaltzen belaunaldi berriei.

Jende askok ikusten al du Galder Gonzalezekin batera egiten duzun Albisteak 2.0 saioa sare sozialetatik iritsita?

Mezurik zabalduko ez bagenu, aste askotan ez luke inork ikusiko. Bisibilitatea berreskuratzeko tresna aproposak dira mezu laburrak ahalbideratzen dituzten tresnak. Loturak, bideoaren pantailazoak... gure edukiak eskura jartzeko, eta horretan asmatu behar dugu. Ikusgaitasuna eta eskuragarritasuna erronka dira euskarazko edukientzat.

Susan Literatur Emailuen arduraduna zara. Euskal argitaletxeek ere sare sozialak gehiago balia ditzazketela pentsatzen duzu?

Susan eta Armiarma-n sareko lanari garrantzi handia eman zaio hamar urteotan. Nik lanik errazena egiten dut besteek egindakoa sozializatzen saiatzean. Literaturan ere, interesgarriena edukiak dira, eta Susa argitaletxeko lantaldeak sekulako lana egin du hor. Argitaletxeek ez dut uste jaramon handirik egingo diotenik horrelako sareei. Aurkari gisa ikusten dituzte sakelako telefonoak, irakurketarako gailu berriak eta sozializatzen ari diren kultur kontsumo eredu berriak.

Info7 irratian Baserritik mundua saioa egingo duzu aurten.

Baserri mundutik nator, baserriari oso lotua bizi izan naiz beti, eta orain baserri munduko komunikazio zereginetan ari naiz. Baserri munduko kultura, hizkuntza, tresnak eta diskurtsoa sozializatzea izango da nire ardura. Baserritik jaten dugu, eta ez dugu jaten duguna ezagutzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.