'Ihesaldia' telesaila AEBetako Flix Latino plataforman emango dute

Euskarazko audioarekin jarriko dute, hilaren 27tik aurrera. Lehen aldiz irtengo da Euskal Herritik

Basauriko kartzelako 1976ko ihesaldi saiakeran dago oinarrituta ETBko Ihesaldia telesaila. PAUSOKA.
urtzi urkizu
2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
ETB1ek 2019an estreinatu zuen Pausokak ekoitzitako Ihesaldia telesaila —bost atalak errenkadan eman zituzten, abenduaren 15etik 19ra—. Hamalau hilabete geroago, telesaila Ameriketako Estatu Batuetako Flix Latino plataformara iritsiko da. Hilaren 27an jarriko dute katalogoan, euskaraz, gaztelaniazko azpidatziekin.

Flix Latino plataformak AEBetan eta Puerto Ricon eskaintzen ditu edukiak; Somos banatzaileak kudeatzen du, eta haren eduki gehienak gaztelaniaz dira. Gaztelaniaz hitz egiten den herrialdeetako filmak eta telesailak eskaintzen ditu katalogoan. Haurrei zuzendutako marka ere badu: Flix Latino Kids.

Ihesaldia fikzioak Euskal Herritik kanpora egiten duen lehen bidaia izango da plataforma horrena. Istorioa benetako gertaera batzuetan dago oinarrituta: 1976. urtean Basauriko espetxean (Bizkaia) egon zen ihesaldi saiakera batean, hain zuzen. Espainiako Gobernuak agindutako amnistia orokorra baino egun batzuk lehenago, ETAko bi preso, PCEko bat eta bi preso arrunt elkartu ziren Euskal Herrian inoiz izan diren ihesaldirik harrigarrienetako bat egiteko asmoz.

Pausokaren telesail hori Jabi Elortegik zuzendu zuen; gidoilariak, berriz, Xabier Zabaleta, Asier Gerrikaetxebarria eta Aitor Eneriz izan ziren. Aktore lanak Iñigo Aranbarrik, Xabier Perurenak, Xabi Lopez Jabato-k, Aitor Borobiak eta Jon Ander Alonsok egin zituzten.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %2,1eko ikusle kuota lortu zuen telesailak —hilabete horretan %1,9ko batezbestekoa izan zuen ETB1ek—.

'Go!azen'-ek jarraituko du

Pausokaren telesaila da Go!azen ere, eta joan den ostiralean amaitu zuen zazpigarren denboraldia. ETBk iragarri du atal berriak grabatuko dituztela, eta, horrenbestez, hurrengo udazkenean estreinatuko dute zortzigarren denboraldia. Azkeneko atalak %9,1eko ikusle kuota lortu zuen euskaldunen artean. Haurren artean liderra da ETBko telesaila: 4-12 urte arteko neska-mutikoen artean, %23ko ikusle kuota bereganatu zuen ostiraleko atalak. Zazpigarren denboraldian, batez beste, adin horretako %26,7k ikusi dute Go!azen ostiraletan —Itziar Gomez zuzendariak nabarmendu du, halaber, aurten asko ugaritu direla Internet bidezko ikus-entzuleak—.

Ostiral honetatik aurrera, berriz, neska-mutikoei zuzendutako beste telesail bat emango du ETB1ek Go!azen-en ordutegian (21:05): Flooren arauak. Jatorrizko izenburua De Regels van Floor du, eta Herbeheretako telebista publikoarena da. 10 urteko neska baten gorabehera dibertigarri eta anarkikoak dira lanaren ardatza. Hiru denboraldi eman dituzte Herbeheretan (48 atal). 2019an, haur eta gazteei zuzendutako telesail onenaren Emmy International saria jaso zuen. Telesail horren euskarazko bikoizketa Bilboko Mixer enpresan egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.