«Eta orain, orain zer? Kontatu al daiteke? Hitz egin al daiteke?». Errespetuz mintzo da Aitziber Zapirain Antxeta irratiko koordinatzailea Alabak podcastaren lehen segundoetako sarreran. «Izan zirelako gara», esan ohi da Euskal Herrian, esatariak dioen gisan. «Eta horrek badu egiatik. Izan zirenek edota agian oraindik direnek, harturiko erabakiek ondorengoak baldintzatu dituen ala ez gogoetatzeko, hitz egiteko», esan zuen Zapirainek Alabak irrati saioa hasteko. Euskal deportatu eta iheslarien alabei hitza emateko. Iparraldeko Euskal Irratietan eman ditu atalak azken bi urteetan. Guztiak entzungai dira Antxeta Irratiaren webgunean.
Bi elkarrizketa sorta dira. Aurrenekoan, euskal iheslarien alaba hauen lekukotza jaso zuen Antxetak: Aitziber Zinkunegi, Ainara eta Larraitz Lasa ahizpak, Miren Korta, Oihana —Nikaraguan jaioa; ez zuen bere abizena eman— eta Ihintza Arrieta —Gure Irratiko esataria da azken 23 urteetan—. Bigarrenean, beste hauena: Maider Zapirain, Ihintza Aldana Petralanda, Haizpea Abrisketa Puyo, Elorri Iginiz Apalategi eta Elorri Arkotxa Mendinueta.
Joan den ostiralean, ekainaren 5ean, Antxeta irratiak solasaldi bat egin zuen podcastaren protagonistetako batzuekin Hendaiako (Lapurdi) gaztetxean. Ihintza Aldana, Maider Zapirain, Elorri Iginiz eta Haizpea Abrisketa elkartu zituzten. Kontatu ezin izan dituzten hainbat bizipen eta oroitzapen mikrofono aurrean azaltzea nola bizi izan duten esplikatu zuten.

Antxeta irratiak badaramatza urte batzuk memoria historikoa eta gertuko memoria lantzen. «Ikusten genuen gurasoren bat preso egokitutako haurrek badutela izen bat: haur motxiladunak. Gurasoren bat preso dagoenean, hitz egin zitekeen. Baina zer gertatu da iheslari izandako alabekin?», azaldu du Zapirainek. «Duela gutxi arte, dena sekretua zen. Ezin zuten hitz egin. Denbora pasatu da, eta gehienek hitz egiteko aukera dute orain. Eta haiek bizi izandakoaren transmisioari garrantzia eman nahian sortu zen podcastaren ideia».
Konfiantza giro batean
Antxeta irratian bertan grabatu zituzten iheslarien alaba horiekin egindako elkarrizketa guztiak. «Haientzat oso berezia izan zen, parte hartu zuten gehienentzat lehen aldia baitzen publikoki gaiaz hitz egiten zutena», gogoratu du Zapirainek. «Lehen aldiz jarri zieten hitza zauri horiei. Eta denek nahi zuten tentuz esan esan beharrekoa. Denek nahi zuten jendeak uler zezala esan nahi zuten hori». Hortaz, Antxeta irratiko koordinatzaileak azaldu du horrek lanketa bat behar zuela. «Lehentasuna izan zen konfiantza giro bat sortzea, eta haiek lasai hitz egin ahal izatea. Etxean bezala senti zitezela».
Lekukotasuna eman duten guztiek egoera bereziak bizi behar izan zituzten iraganean. «Beldurraren presentzia» nabarmena izan da haien bizitzan, ezin zutelako inon kontatu aita bisitatzera hara edo bestera zihoazela. Gustura dago Zapirain emaitzarekin, batez ere protagonistek «eskertuta» daudela adierazi diotelako. «Kontent daudela esan didate». Guztiek nabarmendu dute, bestalde, amaren figura. «Gehienetan aita izan da iheslaria, baina, halakoetan, ama izan da familiaren motorra. Amei egindako aitortza entzuten da atal askotan».
Elkarrizketak soilik entzun egin daitezke. Ezin dira ikusi. Zapiraini iruditzen zaio gehiago kostatuko litzaiekeela protagonistei saio horiek bideoz egin izan balira. Era berean, irrati esatariak esan du biloba batzuentzat ere berezia izan dela saioak entzutea, «haien aitonak nondik nora ibili ziren jakin ahal izan dutelako». Hendaiako joan den asteko solasaldian ere, transmisioaren gaia aipatu zuten iheslarien alabetako batzuek. Izan ere, garrantzitsua iruditzen zaie iheslari ohiek edo gatazka bizi izan dutenek transmisioa egitea. Iraitz Mateo kazetariak solasaldi haren kronika egin zuen Naiz-en, eta, han jasotzen denez, Haizpea Abrisketak zera nabarmendu zuen: «Transmisioan gu gara muina, militante guztiok egin behar dugu transmisioa etxean, baina etxetik at ere asmatu beharko dugu».