Komunikazioa. Miriam Cabeza. 'Irrikitown' saioko aktorea

«Ikus-entzuleek ondo erantzun dute, eta udazkenean jarraituko dugu»

Besteak beste, Saioarena egiten du Cabezasek 'Irrikitown' euskarazko umore saioan. Halere, Ilaski Serrano imitatzea du gustokoen. Bihar emango dute denboraldiko azken saioa.

Adrian Garcia.
2013ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Vaya Semanita saioan ibili ondoren euskarazko umoregintzan zuzenean sartu da Miriam Cabeza (Donostia, 1984). Lehendik ere lan egin du euskarazko saioetan. Goenkale-n aritzeaz gain, antzerkian ere euskaraz jardun du. Besteak beste, Saioarena egiten du aktoreak, aitak baserri giroa ezagutzeko aitonarekin lana egitera bidaltzen duen hiri kutsuko gaztetxoarena. «Gero eta eroago bihurtuko da Saioa».

Zer moduz joan da lehenengo denboraldia?

Oso ondo. Sei saio grabatu ditugu. Lantaldean elkar ezagutzen genuen, eta etorri diren aktoreekin talde bikaina osatu dugu.

Datuen arabera, ikus-entzuleek gustuko dute Irrikitown.

Bai, ikus-entzuleak oso ondo erantzuten ari dira. Gaur [atzo] goizean esan digute hurrengo denboraldian jarraituko dugula, eta beraz, udazkenean berriro izango gaituzue ETB1en, umorea euskaraz egiten.

Zer moduz umorea euskaraz lantzen?

Oso ondo. Euskaraz oso gustura ari gara lanean. Hizkuntza ez da aldatzen den gauza bakarra. Gorputz hizkuntza ere aldatzen da.

Ez zenuten erronka samurra, Kontuz Atsuak saioaren lekua hartu baituzue.

Kontuz Atsuak ikaragarriak dira, eta jakitun gara zaila dugula mailari eustea. Dirudienez, ikus-entzuleei gustatzen zaie egiten duguna; umoretsu daude euskal ikus-entzuleak.

Vaya Semanita-ko umoreak euskaraz funtzionatzen duela esan al daiteke?

Hasieran, proiektu guztietan bezala, bazeuden zalantzak ea funtzionatuko ote zuen. Azkenean, baietz erakutsi dugu, eta ikus-entzule fidelak izatea lortu ditugu. Ondo hasi ginen, audientzia onarekin, eta halaxe bukatu dugu. Barre egiteko irrikaz dago publikoa.

Hanka sartzeak egiten dituzuen grabazioetan ikus daitekenez, ondo pasatzen duzue lanean.

Bai, ikaragarri ondo. Familia handi bat gara. Gure artean sentimendu indartsuak ditugu. Nahiz eta pertsonaia bat antzeztu, zure benetako izaerarekin jokatzen duzu, benetako sentimenduekin. Zeure burua sakon ezagutzen duzu azkenean, eta lotura oso indartsuak sortzen dira gure artean. Lantalde osoak dena ematen du proiektuarengatik, eta, azkenean, eragina du emaitzan.

Saioa pertsonaiak ere hurrengo denboraldian jarraituko al du?

Baietz espero dut. Asko dibertitzen naiz baserrian grabatzen dugunean, zerri eta oilo artean.

Irrikitown saiotik zein pertsonaia antzeztea duzu gogokoen?

Mihiluze lehiaketako Ilaski Serranoren parodia egiten asko gozatu dut. Lotsa eta dena ematen dit orain korridoreetan berarekin gurutzatzeak. Asko gustatu zait;haren keinuak eta hitz egiteko era muturrera eraman ditut, oso muturrera. Oso adierazkorra eta eroa da nik antzezten dudan Ilaski.

Gustatuko al zitzaion zuk eginiko imitazioa?

Pertsonaia egin dudanetik ez dut aukerarik izan harekin hitz egiteko. Baina esan didatenez, asko gustatu zaio. Imitatzen bazaituzte, normalean seinale ona izaten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.