Urtarrilaren 11n egingo du estreinako saioa Andreu Buenafuente Kataluniako aurkezle eta umoristak Movistar+ ordainezko plataforman: Late Motiv. Eta handik egun gutxira jaioko da #0 kate berria —eguna ez dute iragarri—, Movistar+ plataformak barne ekoizpeneko saioz hornituko duena. Kate horretan, Euskal Herriko bi kazetari ariko dira: Iñaki Gabilondo (Donostia, 1942) eta Jon Sistiaga (Irun, Gipuzkoa, 1967). 2011. urtetik, Gabilondok gaurkotasuneko berrien inguruko analisia egiten du La voz de Iñaki bideoblogean —El País eta SEReko webguneetan ikus daiteke—. Sistiagak lau urte daramatza Canal+ katearentzat nazioarteko gatazken erreportajeak egiten —Canal+eko kateak Movistar+ plataformaren parte dira joan den uztailetik—.
Umoreak presentzia nabarmena izango du #0 kate berrian. Esate baterako, Javier Coronasek, Javier Cansadok eta Pepe Colubik Ilustres ignorantes saioaren beste etapa bat eramango dute kate horretara; Madrilgo Calderon antzokian hasiko dituzte grabazioak epe laburrean. Eva Hache umoristak Web Therapy izeneko komedia protagonizatuko du, Rebeca Miller terapeutaren gomendioetan oinarriturik. Ameriketako Estatu Batuetan izen bera duen saio arrakastatsu bat bada, Lisa Kudrowk sortua.
Movistar+ plataformaren kate berrirako fitxatu dituzten beste aurkezle, aktore eta kazetari batzuk hauek dira: Berto Romero, David Broncano, Quim Gutierrez, Michael Robinson, Jose Antonio Ponseti, Hugo Silva, Antoni Damiel, Gonzalo de Castro eta Raquel Sanchez Silva.
Askotariko formatuak eskainiko ditu Movistarren kate berriak, garai bateko Canal+en bidetik: albistegiak, entretenimenduko saioak, gaurkotasunarekin lotutako erreportajeak eta factual saioak, kirol programak eta fikziozko telesail berriak.
Iñaki Gabilondo eta Jon Sistiaga Movistar+en #0 katean ariko dira
Urtarrilean jarriko dute martxan kate berria.Andreu Buenafuentek 'show' bat aurkeztuko du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu