Instagram da euskal gazteek gehien erabiltzen duten sare soziala

Ikusiker lanaren arabera, Euskal Herriko gazteen hamarretik bederatzik erabiltzen dute Instagram

Euskal Herriko gazteek gehiago erabiltzen dute Instagram Whatsapp baino. ANDREJ CUKIC / EFE.
urtzi urkizu
2023ko ekainaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskal Herriko Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko 18-23 urte arteko 2.100 ikaslerekin egindako ikerketa baten arabera, adin horretako gazteen hamarretik bederatzik Instagram sare soziala erabiltzen dute. Soilik %3,4k dio ez duela konturik, eta beste %7k dio baduela kontua, baina ez duela erabiltzen. Ikusiker deituriko ikerketa da hori. Egitasmoa EHUko Nor ikerketa taldeak abiarazi zuen 2018-2019ko ikasturtean, EITB taldearen, Kulturaren Euskal Behatokiaren, Tabakaleraren eta Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzarekin.

Gazteei galdetu diete zein sare sozial erabiltzen duten gehien, eta Instagram ageri da lehen tokian, Whatsappen aurretik. Hirugarren tokian Tiktok aukeratu dute. Laugarrenean Youtube erantzun dute, eta, ondotik, Twitter eta Twitch. Atzerago gelditu dira Facebook eta Telegram.

Instagramen egiten duten erabilerari dagokionez, aurreneko lekuan Story-ak ageri dira—24 ordu irauten du publikazioak—: gazteen hamarretik zazpik diote askotan edo batzuetan erabiltzen dituztela. Segidan doaz Feed-ak —publikazio finkoak—: %26k diote askotan edo sarritan erabiltzen dituztela. Hirugarren tokian Reel-ak daude —bideo laburrak—: %22,4k diote askotan edo sarritan erabiltzen dituztela. Hamarretik zortzik ez dituzte inoiz erabiltzen zuzenekoak edo live-ak, ezta Instagram TV ere.

Hizkuntzari dagokionez, azken edukia euskaraz ikusi zutenen kopurua %8koa da; aldiz, gaztelaniazkoa %75ekoa.

Egunean 18 aldiz

Instagram sare sozialaren erabilerari dagokionez, era berean, gazteen lautik hiruk diote «denbora-pasarako» erabiltzen dutela. Eduki «entretenigarriak eta barregarriak» ikusteko erabiltzen dutela diote %58,6k. Lagunekin eta ezagunekin harremanetan egoteko ere aipatzen dute askok: %45,4k diote Instagram sarri erabiltzen dutela horretarako. Lagunekin elkartzeko ere erabiltzen dute sare soziala gazteen %31,1k. «Informatuta egoteko», aldiz, soilik %18k erabiltzen dute.

Jarraitzen dituzten profilei dagokienez, norbere lagunenak aipatu dituzte gazteen erdiek baino gehiagok. Kirolarienak doaz gero. Hirugarren eta laugarren tokian daude moda mundukoak eta celebrity edo ospetsuak. Ondotik datoz musikariak.

Euskal Herriko gazteek Instagram aurrean denbora asko pasatzen dutela ondorioztatu dute datuek. Izan ere, inkestan parte hartu dutenek esan dute batez beste egunean hemezortzi aldiz sartzen direla sare sozialaren aplikazioan. 18-23 urte arteko gazteek egunean 77 minutu pasatzen dituzte Instagramen aurrean, Ikusiker azterketaren arabera.

Gazteen hamarretik zazpik, bestalde, uste dute «itxurakeria gehiegi» dagoela Instagramen. Gehienek diote, era berean, Instagramek kontsumoa bultzatu egiten duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.