Iparraldeko Euskal Hedabideak elkartean sartu da 'Bada'

Gazteentzako komunikabidea da 'Bada'. Interneteko sare sozialetan zabaltzen dituzte bideoak: Youtuben, Instagramen, Tiktoken eta Facebooken.

Euskal Hedabideak elkarteko ordezkariak, Itsasun, ekainaren 19an. AIMAR LOPEZ
Euskal Hedabideak elkarteko ordezkariak, Itsasun, ekainaren 19an. AIMAR LOPEZ
urtzi urkizu
2026ko uztailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ipar Euskal Herriko Euskal Hedabideen Sareak beste kide bat du: Bada. Aurreko bost urteetan, Ipar Euskal Herriko Hitza, Kazeta, Herria, Euskal Irratiak —Antxeta irratia, Gure Irratia, Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botza—, eta Kanaldude telebista izan dira sare elkarte horretako kideak. Datozen bost urteetan, hortaz, gazteentzako Bada komunikabide digitala ere haiekin ariko da elkarlanean.

Euskal Hedabideek nabarmendu dute «gazteengana iristeko duen gaitasunagatik eta komunikazio molde berritzaileengatik» onartu dutela Bada taldean sartzea. Elkarteko ordezkariek aberasgarritzat jo dute hedabide digital horrek sarearekin bat egitea. «Bada-ren integrazioak elkartearen dinamika aberastuko du, eta etorkizuneko erronkei indar handiagoz erantzuteko aukera eman».

Azkeneko bost urteetan, Euskal Hedabideen Sareak urrats garrantzitsuak egin ditu Ipar Euskal Herriko euskal hedabideak azkartzeko. «Euskal komunitatearen erreferentzia bilakatzeko bidean ere bai, nahiz eta helburu hori oraindik ez den osoki lortua», diote elkarteko ordezkariek. «Ondoko bost urteetarako anbizio bera atxikitzea erabaki dugu, euskararen normalizazioa eta euskarazko komunikazio eremu sendo baten eraikuntza ardatz nagusi gisa finkaturik». Erronka nagusien artean identifikatu dituzte euskararen erabileraren apaltzeari eta diru baliabideen murrizketari buelta ematea eta informazioa kontsumitzeko ohituren aldatzea. «Horiek guztiek erantzun kolektibo eta ausarta eskatzen dute. Horretarako, hedabideen arteko elkarlan editorialak sendotu nahi ditugu, kalitatezko ekoizpen bateratuak garatu eta publiko berrietara, bereziki gazteengana, iristeko formatu berriekin esperimentatu».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA