'Irabazi arte'-ren bi aurrestreinaldi egingo dituzte asteburuan

Larunbatean Bilboko Euskalduna jauregian emango dute bosgarren denboraldiko lehen atala, eta igandean, Donostiako Kursaalean.

'Irabazi arte' telesailaren bosgarren denboraldia. ETB
'Irabazi arte' telesailaren bosgarren denboraldia. ETB
urtzi urkizu
2026ko urtarrilaren 21a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilaren 30ean estreinatuko du Primeran plataformak Irabazi arte telesailaren bosgarren denboraldiko lehen atala. ETB1 katean astebete geroago hasiko dira ematen, otsailaren 6an, ostiral gauez, Go!azen-i lekukoa hartuta. Baina aurretik beste leku batzuetan ari dira ematen denboraldiko lehen atal hori: Durangoko Azokan eman zuten, aurreko asteburuan Gasteizen eta Iruñean eskaini zuten, eta asteburu honetan Bilbon eta Donostian emango dute. Bizkaiko hiriburuan etzi izango da emanaldia, Euskalduna jauregian; eta igandean emango dute Donostiako Kursaal jauregian.

Bi aktore berri ariko dira denboraldi honetan: Unai Aranak Aimarren rola jokatuko du, eta Markel Urangak Ekainena. Haiekin batera, dagoeneko telesailean ezagunak diren beste honako aktore hauek azalduko dira: Sua Enparantza, Alvaro Garaialde, Jose Ramon Soroiz, Joana Garitano, Joan Bailador, Nahia Sillero, Ainhoa Azpitarte, Ane Garmendia, Angela Lopez, Aritz Basterra, Ander Rovira, Iker Barandiaran, Ugaitz Amundarain, Ibai Ugarte, Tessa Andonegi, Dorleta Urretabizkaia eta Iker Galartza.

Hainbat ezusteko izango dira denboraldi berrian. Eta galdera bat baino gehiago gelditu dira aurreko denboralditik erantzun gabe: Nor ote da Learo futbol klubeko festan igerilekuan agertu zen hildakoa? Eta nola hil ote da?

Denboraldi berria Primeran-en hasiko den egun berean, hilaren 30ean, ETB1ek Go!azen telesailaren denboraldiko azkeneko atala emango du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.