Irratia

Irulegiko Irratiaren aldeko kanpaina ostiralean abiaraziko dute

Izturitzen (Nafarroa Beherea) jaialdi berezia egingo dute otsailaren 2an, ostiralean. Ekitaldi ugari iritsiko dira ondoko asteetan.

Irulegiko Irratiaren aldeko sustengu kanpaina.
Irulegiko Irratiaren aldeko sostengu kanpaina. IRULEGIKO IRRATIA
urtzi urkizu
2024ko urtarrilaren 30a
12:00
Entzun

Irulegiko Irratiaren aldeko kanpaina Arberoako bihotzean abiaraziko dute aurten, Izturitzen (Nafarroa Beherea). Ostiralerako arratsalde osoko egitaraua prestatu du irratiak, Artetxea elkarteko lagunekin. Irratiko esatariek zuzeneko emankizun berezia egingo dute herri horretan, 17:00etatik aurrera; 18:00etan, Arberoako tokiko ekoizle eta artisauen azoka izanen da; eta 20:00etan, kontzertuak iritsiko dira: Anonyme Popular (Igor Elortza eta Rafa Rueda), Pisso & Oph raplariak eta DJ Zihaur.

Euskarazko irratiaren aurrekontuaren %20 herritarren ekarpenek osatzen dute. Hartaz, langile bat urte batez lanaldi osoz enplegatzeko adinako sosak heltzen zaizkio irratiari herritarren ahalegin kolektiboari esker. Etxez etxe egiten dute diru-biltze kanpaina. Azkeneko urteetan, 77 herritan egiten dute kanpaina hori. Tartean, IzturitzeĀ (540 biztanle ditu).

Hurrengo hilabeteetan ekintza gehiago izanen dira kanpainaren harira: martxoaren 22an, Larzabaleko (Nafarroa Beherea) Ezpeletenia ostatuan, Pantzo Hirigaraik sortu eta zuzendutako Udaleku antzezlana aurkeztuko dute. Azkarateko (Nafarroa Beherea) Munhoa ikastolako eta Donibane Garaziko ikastolako ikasleak eta gurasoak inplikatu ditu komedia horretan Hirigaraik.

Apirilaren 7an, Nafarroa Behereko haurren kantu txapelketa egingo dute Aiziritzen (Nafarroa Beherea). Apirilaren 13an, berriz, Oilarrak abesbatzak bere 30. urtemuga ospatzeko sortu duen Matalaz pastorala eramango du oholtzara Garazi-Baigorriko eskualdean.

Irulegiko Irratiak alor digitalean jauzi kualitatiboa emateko asmoa du, eskaintza indartsuago bat. Bide horretan lagundu nahi duten norbanakoei, taldeei eta erakundeei dei egin diete, proiektuari hats ekonomiko berri bat emateko. Irulegikoirratia.eus webgunean egin daiteke ekarpena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.