Telebista

'Iruña 97' fikziozko telesaila filmatuko dute Movistar Plusentzat

Natxo Lopezen izenburu bereko eleberrian oinarrituta dago. David Perez Sañudok zuzenduko du. 1997ko Iruñeko sanferminetan girotutako thriller bat da. Filmaketak uztailaren 7an hasiko dituzte, Iruñean.

Natxo Lopez, Clara Galle, David Perez Sañudo, Alvaro Cervantes eta Marina Pares. DAVID HERRANZ / MOVISTAR PLUS
Natxo Lopez, Clara Galle, David Perez Sañudo, Alvaro Cervantes eta Marina Pares. DAVID HERRANZ / MOVISTAR PLUS
urtzi urkizu
2026ko ekainaren 25a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iruñeko sanferminak, 1997. urtea. Hilotz bat agertu da harresien oinean. Amaia udaltzain euskaldun gaztea eta Julio Espainiako Polizian hilketez arduratzen den agentea elkarrekin hasiko dira auzia ikertzen. Egun haietan, bestalde, ETAk Miguel Angel Blanco PPren Ermuko (Bizkaia) zinegotzia hil du, eta sanfermin haietan eragin handia izango du gertaera horrek. Hori da Natxo Lopez gidoilari iruindarrak idatzi duen lehen eleberriaren argumentua. Libros Cupula argitaletxeak duela aste batzuk argitaratu zuen gaztelaniako Iruña 1997 nobela beltza. Eta Movistar Plus plataformak jakinarazi du izenburu bereko telesaila filmatuko dutela uztailaren 7tik aurrera. Nafarroako hiriburuan hasiko dituzte filmaketak, hain justu, San Fermin egunean.

Hamabost aste iraungo dute telesailaren grabaketek; Iruñean ez ezik, Bizkaiko hainbat tokitan egingo dituzte. Buendia Estudios Bizkaia ekoiztetxearen telesail bat da, eta Movistar Plusen parte hartzea ere badu ekoizpenak. Ekoiztetxe horrek Angela telesaila egin zuen Atresmedia taldea eta Netflixentzat. Harena da Inurri itsuak euskarazko filma ere; aurten estreinatuko dute.

Gidoien idazleak Natxo Lopez bera, David Perez Sañudo eta Marina Peres dira. Zuzendari lanetan ariko da Perez Sañudo —Ane eta Azken erromantikoak filmak eta Alardea telesaila zuzenduak ditu, eta Sacamantecas film luzea aurkeztuko du aurten.

Clara Galle eta Alvaro Cervantes Iruna 97 telesaileko aktore protagonistak
Clara Galle eta Alvaro Cervantes aktoreek jokatuko dute 'Iruña 97' telesaileko protagonisten rola. DAVID HERRANZ / MOVISTAR PLUS

Ordainpeko Movistar Plus plataformak iragarri du «akzioz betetako thriller bat» izango dela Iruña 97. Bi protagonistak interpretatzeko, Clara Galle (Iruñea, 2002) eta Alvaro Cervantes (Bartzelona, 1989) hautatu dituzte. Gallek Netflix plataformako hainbat telesailetan parte hartu du: besteak beste, Ni una más, Olympo eta Esa noche. Hirugarrena Gipuzkoako Txintxua Films ekoiztetxeak produzitu du. Cervantesek, bestalde, Espainiako Zinema Akademiaren Goya sari bat irabazi du aurten, Sorda filmean egindako lanagatik.

Sei atal, bakoitza 45 minutukoa

Aktore taldean izango dira, halaber, Karra Elejalde, Josu Iriarte, Patxi Freytez, Josean Bengoetxea, Itsaso Arana, Fernando Albizu eta Ainhoa Santamaria. Iragarri dutenez, fikzio lan horretan ariko dira Pablo Gomez-Pando, Maria Pujalte, Miriam Rubio eta Paula Usero ere.

Telesailak sei atal izango ditu, bakoitza 45 minutukoa. Ez dute iragarri noiz estreinatuko duten.

Musika Beatriz Lopez-Nogalesek sortuko du. Azken erromantikoak filmaren soinu banda harena da, baita Escándalo, relato de una obsesión telesailarena ere.

Iruña 97-ren ekoizle eragileak David Perez Sañudo eta Natxo Lopez dira. Azken horrek makina bat telesail arrakastatsuren gidoiak idatzi ditu: Perdida, Operación Marea Negra eta Entrevías, besteak beste. Azkeneko asteetan, Nafarroan gehien saldutako liburuen artean dago Iruña 97 eleberria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA