Eurovision musika jaialdian parte hartu izan duten 70 artistak baino gehiagok agiri bateratu bat plazaratu dute, eta eskatu dute Israel jaialdi horretatik at uzteko. Maiatzaren 13tik 17ra egingo dute Eurovision, Suitzako Basilea hirian, eta agiria sinatu duten artistek salatu dute Israel Gazan egiten ari den «genozidioaren konplizea» dela Israelgo telebista publikoa.
Europako Irrati-telebisten Batasunari zuzendua da artisten agiria, eta adierazi dute Eurovisionek ezin duela balio «gizateriaren aurkako krimenak» estaltzeko. «Europako Irrati-telebisten Batasunak hartu izan ditu beste neurri batzuk; kasurako, 2022an Errusia kanporatu zuen. Ez dugu onartzen Israelekin halako moral bikoitza izatea».
Agiriaren sinatzaileen artean daude Mae Muller britaniarra, La Zarra frantziarra, Salvador Sobral portugaldarra eta Charlie McGettigan irlandarra. Artistek «konplizitatea» leporatu diote Europako Irrati-telebisten Batasunari.
Islandiako, Espainiako eta Esloveniako telebista publikoek Israelen parte hartzearen inguruko barne eztabaida bat abiatzeko eskatu diote Europako Irrati-telebisten Batasunari.