Ituño lapur, Polizia utzita

Netflix plataformak 'La casa de papel' telesailaren hirugarren denboraldia estreinatuko du gaur

Darko Peric, Luka Peros eta Itziar Ituño, La casa de papel telesaileko atal berrien fotograma batean. TAMARA ARRANZ.
urtzi urkizu
2019ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Bigarren denboraldiaren bukaeran, mila milioi euro lapurtu zituzten, eta, haren ostean, Irakasleak —lapur taldearen buruak— telefono dei bat jaso du: taldeko kide bat (Rio) atxilotu egin dute. Hura salbatzeko modu bakarra lapurreta berri bat egitea izango da, inoizko handiena. Hori da La casa de papel telesailaren hirugarren denboraldiaren abiapuntua. Netflixek gaur estreinatuko ditu atal berriak mundu osoan —aurreneko etapan Atresmediaren ekoizpen bat zen, eta plataformak erosi zuen iaz—. Eta Itziar Ituño aktoreak, polizia izateari utzi, eta lapurra izango da atal berrietan: Raquel Murillo inspektorea lapur taldeko Lisboa izango da orain. Taldeko kideekin arazo bat baino gehiago izango ditu, ordea, polizia ohiak.

Ituño Euskal Herrian zen ezaguna, 2017ko maiatzean La casa de papel estreinatu aurretik. Antena3eko emankizunek Espainian oihartzuna eman zioten. Baina askoz ere nabarmenagoa izan zen Netflixek eman zion ospea. Aktoreak azaldu izan duenez, azkeneko urtean Latinoamerikako komunikabide askotatik jasotzen ditu elkarrizketak egiteko deiak. Sare sozialetan, Ituñoren makina bat zale talde sortu dituzte —Latinoamerikan ez ezik, Frantzian, Turkian eta beste herrialde batzuetan—. Eta aktoreak berak Instagramen kudeatzen duen kontuak milioi bat eta ehun mila jarraitzaile baino gehiago ditu. Honako hau idatzi berri du Lisboaz, saioko pertsonaiari erreferentzia eginez: «Lisboa, hiriburu majikoa, argiz beterikoa, ibai eta itsasoak bustia, arrantzale eta aitzin, fadoen oihartzuna, baldosiñen azala, esnegain eta kanelazko bihotz». Instagramen, lehen hitzak euskaraz idazten ditu beti Basauriko (Bizkaia) aktoreak.

Euskal Herriko beste aktore bat ere azalduko da gaurtik aurrera La casa de papel-en atal berrietan: Najwa Nimri (Iruñea, 1972). Alicia Sierra poliziaren rola jokatuko du, eta haren helburua lapur taldea harrapatzea izango da. Telesaileko beste aktore berriak Fernando Cayo, Hovik Keuchkerian eta Rodrigo de la Serna dira.

Alex Pinaren eskua

La casa de papel telesaila Alex Pina gidoilari eta ekoizleak (Iruñea, 1967) sortua da. Vancouver Media ekoizpen etxea sortu zuen Pinak. Iaz, BERRIAri esan zion gainezka egin ziola telesailak mundu osoan zehar izandako harrerak. «Nahiko eroa izaten ari da oihartzuna, ekoizpen etxe txikia baita gurea», esan zuen. Izan ere, AEBetakoa ez den telesailik ikusiena izan da Netflixen. Drama onenaren Emmy Internacional saria eman zioten, azaroan.

Laugarren denboraldia grabatzen ari dira dagoeneko. Alvaro Morte aktoreak —Irakaslearen rola jokatzen du— esan du hirugarren denboraldia «akziozkoa» izango dela, eta iragarri du laugarrena gehiago izango dela «emoziozkoa». Miguel Amodeo argazki zuzendariaren iritziz, telesaila ikusleari emana da erabat: «Arazoak dituen jendea eta desberdintasunak ukitzen dira; ikusleak identifikatuak sentitzen dira, eta horretan datza arrakasta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.