'Joseba Argiñano Sukalerrian' saioa, astelehenetik aurrera ETB1en

Herritarrak sukaldariarekin kozinatzen azalduko dira, eguerdian. Jende bila ari dira egunotan

Joseba Argiñanok saio berri bat aurkeztuko du ETB1en, astegunetako eguerdietan, uda osoan. EITB.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Sukaldaritzako saio berri bat emango du uda honetan ETB1ek: Joseba Argiñano Sukalerrian. Datorren astelehenetik aurrera, eguerdiko Gaur egun albistegiaren aurretik, herritarrak kozinatzen azalduko dira Joseba Argiñano sukaldariarekin batera.

Ikusleei jaki tipiko bat nola egiten den azaldu, konturen bat kontatu edo norberaren herriko jateko gauza goxoren bat goraipatu nahi duten herritarrak gonbidatuko ditu sukaldari eta aurkezleak. Gonbidatuen eta aurkezlearen arteko lapiko kontuak eta lagunen arteko solasaldiak izango dira saio berriaren ardatza.

Eguerdian, astelehenetik ostiralera, Argiñanok gonbidatu bat hartuko du bere sukaldean. Gonbidatuak plater bat kozinatzen lagunduko dio sukaldariari, eta errezeta horren inguruko solasaldiaz disfrutatzeko aukera izango dute ikus-entzuleek: istorio xelebreak, kontakizun harrigarriak, zaletasunak, bizipenak... Hainbat eta hainbat kontu azaleratuko dituzte eguneko plateraren inguruan. Tarteka aurpegi ezagunak ere joango dira Argiñanoren sukaldera, beren dohain gastronomikoak erakusteko eta sukaldaritzaren eta beste gai askoren inguruan hitz egiteko.

Euskal Herriko ondare gastronomikoa ezagutzeko aukera emango du Joseba Argiñano Sukalerrian saio berriak, eta, horrez gain, tarte berezia eskainiko die herrietako ospakizunei. Jaiak, lehiaketak eta erakustaldiak —batez ere, gastronomikoak— nabarmenak izango dira saioan.

Ekoizleak, jatetxeak, ostatuak, merkatariak eta sukaldearekin zerikusi zuzena duten protagonisten inguruko erreportajeak eskainiko dituzte egunero programa berrian.

Euskal Herriko gastronomia, herrietako udako jaiak eta ikusleen kontuak eta bizipenak uztartzen dituen sukaldaritza saio «freskoa» izango da Joseba Argiñano Sukalerrian, ETBk iragarri duenez.

«Edonor joan daiteke»

Argiñanok azkenaldian makina bat saio aurkeztu ditu ETB1en eta ETB2n nabarmendu du sukaldeari emango diotela garrantzia programa berrian: «Herritarrak izango dira protagonista: nirekin kozinatzera etorriko direnak, eta bideoen eta deien bidez gurekin mintzatuko direnak». Zarautzen (Gipuzkoa) grabatuko dute saioa. «Jende berezia ezagutu ahalko dugu».

Argiñanok aitortu du asko gustatzen zaiola tokietara joatea, baina aurten Zarautzen geldituko da. «Pozten naiz euskarazko saio bat delako eta Euskal Herriko bazterrak ere erakutsiko ditugulako.Kozinatzen erakustea ere polita izango da».

Programaren aurkezle eta sukaldariak adierazi du edonor joan daitekeela saioan parte hartzera. «Gustatu behar zaio sukaldean ibiltzea. Baina, gustatzen ez bazaio eta saltseroa bada, eta kontuak baditu esateko, etor dadila. Gogoa da behar dena, eta, ahal dela, mingaina ondo luzatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.