Estraineko zenbakia argitaratu berri du Kapuko euskarazko aldizkariak. Paperezko eta Interneteko aldizkaria izango da, eta, bide batez, egileek transmedia proiektutzat jo dute. Hala, www.kapukoaldizkaria.tk helbidean eduki eguneratuak irakurtzeaz gain, Kapuko Telebistako bideoak ikusi ahalko dira. Eta, gainera, aldizkarian modu aktiboan parte hartzeko aukera emango dute.
EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko 1. mailako ikasle talde batek sortu du proiektua. Komunikazioa ardatz hartuta, beste zenbait gai landuko dituzte, besteak beste musika, artea, bidaiak, kultura eta moda. Ale bakoitzean elkarrizketa nagusi bat egingo dute. Horrekin batera, Eremu ikusezina atala landuko dute. Bertan, «normalean ikusten ez den espazio bat erakutsiko da». Adibidez, futbol partida baten irrati bidezko emanaldia nola egiten den, edo telebista kate baten instalazioak nolakoak diren. Zenbaki bakoitzean, gainera, sektoreko profesional batek artikulu bat idatziko du, Sinadura gonbidatua atalean. Aurreneko zenbakian Joxerra Garzia irakaslearen hitzak jasoko ditu tarte horrek.
«Komunikazioaren munduan izateko asmoarekin» hasi du Kapuko aldizkariak bere bidea. «Eta, momentuz behintzat, espero ez bezalako harrera izan du». Webgunea duela egun batzutatik dute martxan, eta bisita asko ari da jasotzen. Gainera, gaur egun transmediak duen garrantzia ikusita, proiektua sare sozial gehienetan dago (Tuenti, Facebook, Berriketan.info). Youtuben eta Vimeon bideoak eskegitzen ere hasi dira.
Halaber, Kapuko TB streaming bidezko telebista ere martxan jarri dute webgunearen bitartez.
Mikel Reparazi galdezka
Kapuko aldizkariaren aurreneko zenbakian Mikel Reparaz EITBko albistegietako nazioarteko buruari egin diote elkarrizketa nagusia. Eremu ikusezina tartean, berriz, Cadena SER irratiak Bilbon duen egoitzaren tripak erakutsi dituzte, Mikel Ramos teknikariaren laguntzaz. Jim Jarmusch zinemagilearen Coffe and cigarettes filmaren kritika egin du Ibon Urrestik. Halaber, beste honako lagunak elkarrizketatu dituzte: Pello Reparaz Vendetta musika taldeko kidea, Joseph Morley Petrick artista, Jose Mari Goenaga zinema zuzendaria eta Joaquin Caparros Athleticeko entrenatzailea. Kamera digitalen inguruko erreportaje luze bat ere egin dute, Kontuz: menpekotasuna sor dezakete! izenburuarekin. Bidaien tarteak, modak eta agendak osatu dute lehen zenbakia.
Ikasleek sarrerako testuan adierazi dute «jakintza teorikoak praktikara eramateko» sortu dutela aldizkaria. «Baina ez soilik horregatik. Publikoa entretenitu nahi dugu, guk gehien maite duguna egiten». Gaztetasuna da, halaber, proiektuaren ezaugarrietako bat. «Gazteak gara, eta gazteei bideratutako aldizkaria izango da», azaldu dute proiektua sortu duten ikasleek.
Komunikazioa
'Kapuko' gazte aldizkaria sortu du EHUko ikasle talde batek
Komunikazioa ardatz hartzeaz gain, musika, artea, bidaiak, kultura eta moda gaiak landuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu