Telebista

Kateek goi bereizmenean soilik emitituko dute Hego Euskal Herrian otsailaren 14tik goiti

Lurreko telebista digitalaren hurrengo «itzalaldiak» telebista gailu askori eragingo die. Asko berriro sintonizatu beharko dira.

'Mihiluze' programa bereziak grabatu dituzte haurrekin ETBn
ETBko errealizazio gela bat. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
2024ko urtarrilaren 31
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

5Gko sareak zabaltzeko eta 4K bereizmeneko edukiak ahalbidetzeko, lurreko telebista digitalean lizentzia duten kateek soilik goi bereizmenean (HD) emititu beharko dute otsailaren 14tik aurrera. Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Espainian gertatuko da hori, eta etxe askotako telebista gailuei eragingo die neurriak. Hamar urte baino gutxiago dituzten telebistekin ez da arazorik izango. Aldiz, hamar urte baino gehiago dituzten telebista zaharragoetan kanalak berriro sintonizatu beharko dira. Eta, kasu batzuetan, telebista aparatu horretan ezingo da ikusi goi bereizmeneko kanalik —aparatu merke bat erosi eta telebistari jarrita konpon daiteke arazoa—.

Esan daiteke «itzalaldi bat» gertatuko dela lurreko telebista digitalaren SD seinaleko kateetan. Otsailaren 14ra arte dute epea kateek SD seinalea itzali eta soilik goi bereizmenean emititzeko. Kanal batzuk ari dira jada prozesu horretan. TVEko kanalek otsailaren 6an egingo dute itzalaldia; ETBko lau kanalek, otsailaren 8an —hau da, egun horretatik aurrera ezingo dira ETBko kateak SDn ikusi—; eta Espainiako kate pribatu gehienek otsailaren 14ra arte itxarongo dute. Tokiko kateek ere prozesu horri ekin beharko diote.

Nahiz eta telebista gailu berria izan, gomendagarria da kasu guztietan kanalak berriro sintonizatzea. Antenisten gomendioa da sintonizazio automatikoa egitea. Ondotik, nahi erara jar daitezke ordenan kanalak.

Hamalau urte geroago

Hego Euskal Herrian duela hamalau urte gertatu zen itzalaldi analogikoa. Lurreko telebista digitalaren aroa hasi zen orduan, eta hainbat herritarrek dekodetzaile bat erosi behar izan zuten telebista ikusten jarraitzeko. Espainiako Gobernuaren datuen arabera, telebisten %98k dute goi bereizmeneko zerbitzua. Hartaz, soilik aparatu oso zaharrekin gerta daiteke telebista kanalak ikusi gabe gelditzea.

Lapurdin, Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Frantzian egina dute trantsizio hori. Hala ere, beste itzalaldi bat iritsiko da 2029. urtean: Ultra HD 4K itzalaldia. Teknologia horretako emankizunak aurtengo Parisko Olinpiar Jokoetan hasiko dituzte France2 eta France3 kateek.

Espainiako telebista publikoari dagokionez, gaur egun TVEko bi kanal ari dira 4K bereizmenean emititzen.

Argi denez, Euskal Herrian telebista gailu oso zaharrek garbiguneetan amaitu beharko dute datozen asteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.