Goienak komunitatea goratu du 25. urteurreneko ospakizunean

Goiena komunikazio taldeak Bergarako Seminarixoan egin du bere 25. urteurreneko ospakizuna. Laurehun lagun inguru elkartu dira. Irudi korporatibo berria ere aurkeztu du taldeak.

Goiena komunikazio taldearen 25. urteurreneko taldeko argazkia, atzo, Bergarako Seminarixoan. GOIENA
Goiena komunikazio taldearen 25. urteurreneko taldeko argazkia, atzo, Bergarako Seminarixoan. GOIENA
unai zubeldia
2025eko abenduaren 2a
09:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur egungo lankideak, garai batekoak, kolaboratzaileak, bezeroak, irakurleak, ikus-entzuleak, ordezkari politikoak, kirol eta kultura arloko ordezkariak... Goiena Komunikazio Taldeak komunitate osoaren berotasunean ospatu zuen atzo 25. urteurrena, Bergarako Seminarixoan —2000ko abenduaren 1ean banatu zuten lehenengo Goienkaria etxez etxe—. Laurehun lagun inguru elkartu ziren azkenerako. Juantxo Zeberio piano jotzailea eta Kepa Errasti aktore eta aurkezlea izan zituzten gidari ekitaldian.

Sarreran jarrita zeukaten photocall-ak sortu zuen saltsa, baina ez ziren falta izan zuzeneko musika —Ines Osinaga tartean, bukaera aldera, publiko artean Dena aldatzen da abestia kantatuz—, agintari eta arduradunen hitzaldiak eta ikus-entzunezko piezak. Monika Belastegi Goienako presidenteak azpimarratu zuen «pertsonak» direla Goienaren indargune, eta Gorka Artola Bergarako alkateak, berriz, adierazi zuen «eguneroko bizitzaren parte» dela Goiena. Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia ere. Goienak gizarteari «ekarpen baliotsua» egin diola goratu zuen azken horrek.

Goienak irudi korporatibo berria aurkezteko ere baliatu zuen atzoko ekitaldia. «Kazetaritza sinesgarriaren ideian» oinarritu dute diseinu berria, «komunitatearekiko gertutasuna, gardentasuna eta komunikazio zuzenaren aldeko konpromisoa berretsiz». «Tokiko kazetaritza indartzen jarraitzeko konpromisoa» hartu zuten bertaratu zirenek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.