«Konfiantzazko kazetaritza» ospatzeko deia egin dute gaurko, Albisteen Munduko Eguna dela eta

WAN-IFRA albiste editoreen erakundeak, Kanadako Kazetaritza Fundazioak eta Kontinuum proiektuak antolatzen dute Albisteen Munduko Eguna. Ehunka hedabidek egin dute bat kanpainarekin: tartean, BERRIA egunkaria.

Herritar bat BERRIA irakurtzen, artxiboko irudi batean. GORKA ESTRADA / EFE
Herritar bat BERRIA irakurtzen, artxiboko irudi batean. GORKA ESTRADA / EFE
urtzi urkizu
2026ko irailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Konfiantzazko kazetaritza ospatzeko, alfabetatze mediatikoa sustatzeko eta gizartean kazetaritzak betetzen duen funtsezko rola aitortzeko» helburuz, Albisteen Munduko Eguna ospatuko da herrialde askotan gaur. WAN-IFRA albiste editoreen erakundeak, Kanadako Kazetaritza Fundazioak eta Kontinuum proiektuak antolatzen dute egun horren kanpaina, eta aurten BERRIA egunkariak ere bat egin du. 

Albisteen Munduko Egunean parte hartzeko deia irekia da: albisteak lantzen dituzten erakundeek, erredakzioek, kazetariek, eskolek, enpresek eta komunikazio taldeek parte har dezakete. «Kazetaritza, informazioa bere osotasunean eta alfabetatze mediatikoa maite dutenek kanpaina babes dezakete», diote antolatzaileek.

Gainera, talde antolatzaileek badute konfiantza egiten den kazetaritza lanean. «Komunikabide elkarteetan eta kazetaritza babesten duten erakundeetan konfiantza handia dugu, ahalik eta egunkari eta hedabide gehienengana iristeko lanari begira».

BERRIAk kanpainarekin bat egitea erabaki du, egunkaria irakurtzeko deia eginez herritarrei. Hain zuzen ere, deialdiaren antolatzaileen arabera, komunikabideak funtsezkoak dira informazioa ahalik eta publiko zabalenarengana iristeko, eta «konfiantzazko kazetaritza» aldarrikatu nahi dute. Ez kasualitatez, irailaren 28an egiten dute Albisteen Munduko Eguna, Nazio Batuen Erakundeak egun hori izendatua duelako informazio eskubidearen nazioarteko egun gisa. «Egitateetan eta ebidentzietan oinarritzen den kazetaritzak» gizartean duen garrantzia gogoratu nahi dute horrela, eta informaziorako eskubide hori gauzatzeko ezinbesteko tresna dela nabarmendu.

Aurtengo mezua

Albisteen Munduko Egunaren deia egin dutenek webgune batean aurkeztu dituzte asmoak, eta aditzera eman dute albisteen eta kazetaritzaren aldeko kanpaina aktibo bat izatea nahi dutela. Iragarki digitalak, irudiak, bideoak eta bestelako materialak eskaini dizkiete hedabideei, horretarako. Erakunde, hedabide edo enpresa bakoitzak, berriz, mahai inguruak, tailerrak, webinarrak edota elkarrizketa bereziak egin ditzakeela azaldu dute, «hartzaileak erakartzeko eta albiste fidagarrien garrantzia nabarmentzeko».

2024. urtean, zortziehun hedabidek egin zuten bat Albisteen Munduko Egunarekin. Iaz, 108 herrialdetako 1.000 hedabide baino gehiago izan ziren —hamazazpi hizkuntzatan argitaratzen direnak—. Gorakada hori ez da kasualitatea, antolatzaileek zabaldutako mezuaren arabera: «Kazetaritzaren gaineko presioa areagotzen ari da azkenaldian. Baina hartzaileek informatzeko duten beharra ere areagotu egin da, baita egunero esateko dutena ozen eta elkarrekin esateko beharra ere».

Interneteko sare sozialetan erabiltzeko, etiketa hauek proposatu dituzte: #ChooseTrustedJournalism (aukeratu kazetaritza fidagarria) #WorldNewsDay #WND26 eta #JournalismMatters (kazetaritzak inporta du). Mezua norberak bere hizkuntzan erabiltzeko proposamena egin dute. Ekinaldiaren sustatzailearen asmoa da parte hartzaileen laguntzari esker kanpainak mundu osoan eduki duen oihartzuna are gehiago zabaltzea. Eta kanpainaren ostean, erreportaje bat argitaratuko dute.

Gaurko eguneko unerik indartsuenak erredakzio batek lanean egiten dituenak direla diote antolatzaileek. «Erabili ezazue Albisteen Munduko Eguna laguntza eskatzeko eta jasotzeko. Eskatu zuen komunitateari kazetaritzari eusteko. Eta baliatu hau nabarmentzeko: gertaerek garrantzi handia dutenean komunitate horretako komunikabideak ezinbestekoak direla».

WAN-IFRA erakundearen balioak

World Asociation of News Publishers edo WAN-IFRA munduko prentsa erakunderik handienetako bat da. Izan ere, 3.000 komunikabide baino gehiago ordezkatzen ditu, eta berrogei kazetaritza elkartek babesten dute. Kazetaritzak eta komunikabide enpresen industriak dituzten «erronka kolektibo ugariei» erantzuten die. 1948. urtean sortu zen.

Albisteen eremuan eragina duten hiru eremutan egiten du lan erakundeak. Batetik, prentsa askatasuna eta kazetaritza: «Kazetarien eta editoreen eskubideak babesten ditugu, komunikabideek libre funtziona dezaten. Argitalpenen kalitatea sustatzen dugu». Bestetik, jasangarritasuna: «Gure bazkideei zerbitzu berritzaileak eta profesionalak eskaintzen dizkiegu garapen fase guztietan, beren negozioetan aurrera egin dezaten laguntzeko». Eta, azkenik, berrikuntza mediatikoa: «Gure kideei ideia berriak eta ikerketa aplikatua eskaintzen dizkiegu». Aholkularitza eta prestakuntza zerbitzuak eskaintzen dizkiete hedabideei. Erreportaje bereziak, liburu zuriak eta Interneteko baliabideak lantzen dituzte.

Erakundeak nabarmendu du, gainera, prentsaren independentzian eragina duten arazo garrantzitsuei begira kazetaritzaren defentsa egiten dutela. «Oinarri eta balio komun batzuk sustatzen ditugu, Interneteko gobernantza esparru inklusibo, eraginkor, legitimo eta egoki garatutako bat lortzen laguntzeko».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA