Korrikak bi milioi ikustaldi baino gehiago izan ditu Youtuben

EITBren euskarrietan, 24. Korrika milioi bat orduz baino gehiagoz ikusi dute herritarrek. Korrikaren amaierako saio bateratuak %29,8ko kuota lortu zuen ETB1en euskaldunen artean.

24. Korrika Trebiñun, martxoaren 27an. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
24. Korrika Trebiñun, martxoaren 27an. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
urtzi urkizu
2026ko martxoaren 31
12:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kaleak eta bideak bete ditu 24. Korrikak. Errepideak eta karrikak. Plazak eta landa eremu ertzeko bidexkak. Ibaiak zeharkatu ditu. Eta pantailak? Pantailak ere inoiz ez bezala bete ditu Korrikak, Atharratzetik (Zuberoa) Bilbora, egunaren 24 orduetan. EITBk eman dituen datuak oso esanguratsuak dira: EITBren Youtubeko kanalean 2.128.921 ikustaldi izan ditu Korrikaren zuzeneko seinaleak; 419.764 ordu ikusi-entzun dituzte.

Baina datu horri beste batzuk gehitu behar zaizkio. Kasurako, Hamaika telebistak ere zuzeneko seinalea eman baitzuen eguneko ordu gehienetan. Eta EITBren beste euskarri batzuetan ere ikusi baitzen Korrika. EITBren ETB On plataforman, ETB1 eta ETB1 On telebista konbentzionaleko emanaldietan eta Youtubeko kanalean emandako seinalearen datuak batuz gero, 1.015.511 ordu ikusi-entzun dituzte herritarrek 24. Korrikan.

Telebista konbentzionalari dagokionez, ETB1 eta ETB1 On kateen datuak batuta, 543.000 ikus-entzulek egin dute bat Korrikarekin martxoaren 19tik 29ra bitartean.

Joan den igandean, Bilbon BERRIAk, Hamaikak, ETBk eta euskarazko beste hedabide batzuek elkarrekin egin zuten saio bateratua. Ilaski Serranok eta Ekhiñe Atorrasagastik aurkeztu zuten zuzeneko saio hura, eta ikusle datu paregabeak izan zituen ETBn. Korrikaren amaierako saioak %17,9ko ikusle kuota lortu zuen EAEn —euskaldunen artean, %29,8koa—. 106.000 ikus-entzulek egin zuten bat emanaldiarekin; ETB1 eta ETB1 On kateetan eman zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA