Gai-jartzailea eta AEK-ko irakasle ohia da Zuriñe Iarritu (Bilbo, 1978); orain, berriz, beste esperientzia batean murgildu da. Hamaika telebista Korrika telebista bilakatu da 17. Korrika hasi zenetik, eta egunero lasterketaren berri ematen duen saioko aurkezle da Iarritu. 21:00etan, ordubeteko zuzeneko programa bat egiten dute; eguneko irudiak ikustearekin batera, gonbidatuek Korrikarekin izandako esperientzien inguruan jarduten dute.
Nola bizitzen ari zarete Korrika?
Oso gustura gaude saioarekin. Zerbait berria izaten ari da niretzat, eta lagunartean egiten ari garen saio bat da. Gaiak berak ere hunkitu egiten gaitu, eta pozik jarraitzen ari gara 17. Korrika.
Nola antolatu duzue Korrikaren berri emateko lana?
Lau lankide ditugu Korrikaren ibilbidean banatuta. Bikoteka doaz, eta txandak egiten dituzte. Gure saioan ikusi ahal diren irudiekin batera, kazetariek Korrika pasatzen den herrietan jasotzen dituzten irudiak ematen ditugu egun osoan.
Hamaika telebistak AEKrekinelkarlanean egindako saio bat izanda, nola egiten duzue lan?
Irudiak, printzipioz, Hamaika telebistako kamerek jasotzen dituzte. AEK-k behar ditugun gauzetan laguntzen digu, kazetariei laguntza emanez eta abar. Korrikan bertan ere, AEKren kazetariak daude, eta behar dugun laguntza ematen digute.
Jendeak ere irudiak bidal ditzake saiora, ezta?
Zabalik dauzkagu posta eta telefonoa. Jendeak jaso dituen irudiak bidaltzeko aukera du; nahi duen hori kontatzeko aukera. Korrikaren berri emateko orduan, jendeak parte hartzea da helburua.
Zer kontatzen dute egunero platoan biltzen diren gonbidatuek?
Bakoitzak Korrikaren inguruan izan dituen edo dituen bizipenak ematea nahi dugu, eta hala izaten ari da. Lehengoan, esaterako, Ines Osinaga izan genuen, Gose taldeko abeslaria. Batzuek musikaren arlotik, besteek antzerkigintzatik... bakoitzak Korrika nola bizi duen azaltzea nahi dugu. Berlingo lagun baten deia ere jaso genuen, han egiten ari ziren Korrikaren ingurukoa kontatzeko.
Ezer berezirik prestatu al duzue Korrika Donostiara heltzen denerako?
Oraindik ez dakigu ziur nola izango den, baina asmoa Donostiatik bertatik zuzenean egitea da. Egun horretan saioa bederatzietan egiteak ez du zentzurik.
Komunikazioa. Zuriñe Iarritu. Hamaika telebistako aurkezlea
«Korrikaren berri emateko orduan, jendeak parte hartzea nahi dugu»
Korrikak utzitako irudiak eta gonbidatuek Korrikarekin izandako esperientziak biltzen dituzte egunero Iarrituk gidatzen duen saioan. 21:00etan ikus daiteke, Hamaika telebistan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu