Bueltan da euskarazko lehenengo true crime saioa. Primeran plataformak Krimenak. Gure kronika beltza saioaren bigarren denboraldia estreinatuko du ekainaren 19an. Lehen sorta bezala, dokumental saio horren bigarren denboraldia ere sei atalez osatuta dago eta Baleukok ekoitzi du. «Euskal Herriko krimenik ezagun eta entzutetsuenak aztertuko ditugu, kriminologo, kazetari, ikertzaile eta adituen eskutik», azaldu du Nagore Real saioko zuzendariak. «Aurreneko denboraldiaren berdintsua izango da, baina Madariagaren aurkezpenen partea kontu handiagoz grabatu dugu».
Lehen denboraldian bezala, Xabier Madariaga kazetariak aurkeztuko du saioa, eta formatua ohiko true crime saioetatik urrunduko da. «Arrazoi nagusia morbotik aldentzeko asmoa izan da. Kasu bakoitza kazetaritzaren ikuspegitik kontatua dago, biktimekiko errespetua une oro kontuan harturik», esan dute Baleuko ekoiztetxeko arduradunek. Realek nabarmendu du biktimen hainbat senidek parte hartuko dutela ataletan. «Krimenak gertaberritzean, bestalde, kontu handiz egiten dugu, sentsazionalismora jo gabe. Ez dago irudi espliziturik, ez dago odolik». Arlo horretan «errealizazio lan handia» egin dutela iruditzen zaio saioko zuzendariari.
Kasuetako bat Barakaldoko (Bizkaia) hanka moztuena izango da. 2020ko azaroan, Ertzaintzako bilaketa txakurrek giza hanka batzuk aurkitu zituzten Barakaldoko Arrontegi mendian. Roberto Colina izeneko gizonarenak ziren, hilabeteak zeramatzan desagertuta, eta haren bizilekutik 200 metrora agertu ziren. Droga kontuetan nahasirik zegoenez, kontu garbiketarekin lotu zen haren desagertzea, baina krimen horretan «ezer ez da dirudiena».
Javier Ardines, jelosiagatik eraila da beste atal bat. 2018ko abuztuan, Javier Ardines Llanesko IUko zinegotzia hilik aurkitu zuten etxetik metro batzuetara. Kasu oso mediatikoa izan zen, ehunka kazetari erakarri zituena. Haren heriotzak Asturiasko (Espainia) herri horren hamaika sekretu eta ustelkeria kasu azaleratu zituen, eta, harrigarria badirudi ere, Euskal Herriarekin lotura zuzena du.

Aintzane Garairen auzia Bizkaia astindu zuen krimena izan zen. 2005eko urriaren 14ko gauean, Aintzane Garai, 25 urteko emakumezkoa, etxetik atera zen azkeneko aldiz. Handik egun batzuetara, hilda aurkitu zuten basoan, bortxatuta eta labankadaz josita. Atal horretan, hildakoaren neba David Garairen testigantza jasoko dute.
Mila aurpegidun iruzurgilea atalean, Francisco Gomez Manzanaresen bizitzak film baten gidoia dirudi. Gasteizko gizon horrek hogei urte baino gehiago eman zituen Espainia osoan iruzurrak egiten. David izena erabiliz, hiru milioi euro baino gehiago lapurtu zituen. Urte horietan guztietan, hamaika lanbide eta istorio asmatu zituen bere pertsonaia eraikitzeko. Azkenengo urteetan, batez ere, emakume zaurgarriak izan ziren haren biktima nagusiak.
Laffageren hilketa
Nagore Laffagerena Euskal Herriko «historia beltzeko kasurik lazgarrienetako bat» dela adierazi dute Baleuko ekoiztetxekoek. 2008ko sanferminetan, Nagore Laffage gazteak Iruñeko jai nagusiez gozatzeko asmoa zuen. Hala egin zuen txupinazo egunean, baina goizaldean, Jose Diego Yllanesek bortizki hil zuen bere pisuan. Hogeita hamasei aldiz jo, eta ito egin zuen Yllanesek, baina epaimahaiak ez zuen krimena erailketatzat jo. Kondena osoa bete baino lehen lortu zuen askatasuna Yllanesek, eta iaz ahaztua izateko eskubidea eskatu zuen. Euskal Herriko borroka feministan mugarria izan zen Laffageren hilketa. Saioko atal honetan, Laffageren amaren —Asun Casasolaren— eta lehengusuaren —Pablo Davilaren— testigantzak jasoko dituzte.
Castroko burua da sortako azkeneko atala. 2019ko irailean, Castroko (Espainia) emakume batek hilabete batzuk lehenago lagun batek emandako fardela ireki zuen. Bertan topatu zuena ez zukeen ezta ametsik beldurgarrienean ere imajinatuko. Plastikozko poltsa eta egunkariko paper artean, giza burezur bat zegoen. Lagunaren bikotekidearena zen, Barakaldoko (Bizkaia) Jesus Mari Barandarena —hilabete batzuk lehenago desagertu zen—.
Lehen denboraldiak izan duen harrerarekin pozik daude Baleukon. «Nahi genuen publikoa iritsi zaigu, ikusle gazte asko izan ditugu. Feedback oso ona jaso dugu», dio Realek. «Espero dugu hirugarren denboraldia ere egin ahal izatea. Baina buelta bat eman behar diogu gaiari, ez baitaude hainbeste krimen Euskal Herrian. Bigarren denboraldiak harrera ona izatea espero dugu». Pello Zupiria gidoilariaren lana ere nabarmendu du Realek.