Kristina Berasaini Saharako gatazka azaltzeko egindako lana aitortu diote

Kazetari eta Idazle Sahararren Europako Ligak azpimarratu duenez, «isiltasunaren aurrean» kazetaritza «duintasunaren arma» bihurtu du Berasainek. Francisco Carrion eta Marta Corcoy kazetariak ere goratu ditu elkarteak.

Embarka Brahim Bumajruta ekintzaile sahararra eta Kristina Berasain, iazko urrian, errefuxiatuen kanpalekuetan, Tindufen. DAH SALAMA
Embarka Brahim Bumajruta ekintzaile sahararra eta Kristina Berasain, iazko urrian, errefuxiatuen kanpalekuetan, Tindufen. DAH SALAMA
unai zubeldia
2025eko irailaren 9a
14:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aitortza bat da. Aitortza Saharako gatazka azaltzeko egindako lanari, eta aitortza «isiltasunaren eta ahanzturaren aurrean» kazetaritza «duintasunaren arma eta Saharako herriari ahotsa emateko tresna» bihurtzeko egindako ahaleginari. Atzo, irailaren 8an, Kazetarien Nazioarteko Egunaren harira, Kazetari eta Idazle Sahararren Europako Ligak hiru kazetariren lana goratu zuen, tartean Kristina Berasain BERRIAko kazetariarena —Francisco Carrion El Independiente egunkariko kazetari espainiarraren lana eta Marta Corcoy kazetari eta ikertzaile katalanarena ere aitortu du—.

Berasainek esker onez jaso du aitortza. «Kazetaritzak kontatzeko eta dokumentatzeko balio du, baina konpromisoa ere eskatzen du», azaldu du. Aurtengoa efemeridez betetako urtea izango dela gogoratu du BERRIAko kazetariak, 50 urte beteko baitira Madrilgo Akordioak sinatu zirela: «Legez kanpoko akordio horietan dago gatazka honen jatorria. Memoria historikoaz asko hitz egiten den garaiotan, bada ordua nazioarteko zuzenbidea ezartzeko eta sahararren autodeterminazio eskubidea errespetarazteko». Berasainek lurralde okupatuetan lanean ari diren kazetari sahararrei eta palestinarrei eskaini die aitorpena.

1973an Lizarran (Nafarroa) jaioa, Berasain Mendebaldeko Saharatik kanporatu zuten 2005ean, intifadaren berri ematera joan zenean. Hamar urte geroago lortu zuen lurralde okupatuetan sartzea. Sahararrak bizi diren hiru eremuetara bidaiatu duen kazetari bakanetakoa da: lurralde okupatuetan, lurralde liberatuetan eta errefuxiatuen kanpalekuetan izan da, Tindufen (Aljerian).

BERRIAn auziari buruzko hainbat kronika, erreportaje eta elkarrizketa argitaratu ditu urteotan, eta liburu bat ere idatzi du: Sahara, herri bat erresistentzian. BERRIA, Elkar eta Jakin-en Aleka bilduman argitaratu zuten liburua, eta dagoeneko kalean dago bigarren edizioa. Hogei urtez jasotako lekukotasunen bilduma bat da, kazetaritza kronika bat. 2024an Argia saria jaso zuen lan horregatik.

BERRIA egunkariko Nazioartea saileko arduraduna izan da urte luzez. Mendebaldeko Saharara bidaiatu du, baina baita beste hainbat herrialdetara ere: Palestina, Maroko, Egipto, Etiopia, Honduras, Mexiko...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.