La1 kateko 'El Conquistador' astelehen gauean hasiko da

Zazpi lehiakide Euskal Herrikoak dira. ETB2ko 'reality'-a egiten duen lantalde berak egingo du

Julian Iantzik eta Raquel Sanchez Silvak aurkeztuko dute La1 kateko El Conquistador. RTVE.
urtzi urkizu
2023ko irailaren 09a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian arrakasta handiko reality-a izan da El conquistador del fin del mundo, eta ETB2 katean sekulako ikusle datu onak lortu ditu azkeneko urteetan. TVEk arrakasta horri segida eman nahi dio bere bertsioarekin: El Conquistador. Espainiako telebista publikoarentzat Hostoil ekoiztetxeak egindako reality-a datorren astelehenean estreinatuko dute, La1 katean (22:35). Hurrengo egunean emango dute bigarren atala, gainera.

Saioko aurkezleak Raquel Sanchez Silva eta Julian Iantzi izango dira; Iantzik ez du jarraituko ETB2n Conquis egiten, baina beste lehiaketa berri bateko aurkezlea izango da ETBko gaztelaniazko katean: Esta casa es una mina. TVEko saioko kapitainak, berriz, Patxi Salinas futbolari ohia, Joana Pastrana boxeolari ohia eta Cesc Escola fitness munduko profesionala izango dira.

Jokoa hiru taldetan banatuko dute: 33 partaideak Atabey, Yocahu eta Corocote taldeetan banatuko dituzte. Eta saioa iragartzeko irudietan ikusi denez, ETB2ko reality-an egin izan diren proba asko errepikatu egingo dituzte. 33 lehiakide horietatik zazpi Euskal Herrikoak dira: Amaia Blanco, Andrea Azkune —lehiakide eta kapitaina izan da ETB2ko saioan—, David Seco —irabazlea izan zen ETB2ko saioko urte batean, eta kapitain eta aurkezle ere aritu da—, Carmen Estefano, Euxebi Hidalgo, Gorka Ibarguren eta Lorenzo Duran Loren.

Lehiakideen artean, Mireia Cabañes Valentziako (Herrialde Katalanak) surflaria dago —hanka bat galdu zuen haurra zenean—. Eta sare sozialetako influencer batzuk sartu dituzte saioan, tartean Pao eta Mario Ramirez anaiak.

ETB2 kateak astelehenetan eman ohi du reality-a, eta asteazkenetan eztabaida saioa egiten dute. La1 kateak ere eztabaida programa bat egingo du astero lehiaketaren nondik norakoak komentatzeko. Eztabaida saio hori Bartzelonan egingo dute, Sant Cugat estudioetan, eta aurkezleak Paula Vazquez eta Marc Caldero izango dira.

Saioko zuzendaria Joxan Goñi da, ETB2ko Conquis makina bat urtez zuzendu duena —ETB1eko hainbat reality-ren zuzendaria ere izan da—. Patxi Alonso da TVEko bertsioaren ekoizle eragilea.

TVEko lehiaketa Dominikar Errepublikan grabatu dute, Haitises parke nazionalean. Samanako badia dago bertan, fauna eta flora ikusgarriarekin. 250 pertsonak osatu dute lantaldea.

Reality-a RTVE Play doako plataforman ere ikusi ahalko da.

ETB2n, 20. denboraldia

ETB2ko El conquistador del Caribe saioaren 20. denboraldirako, berriz, lehiakide bila hasi dira. Hautaprobak hilaren 25etik 29ra egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Parte hartzeko izena eman behar da, conquistador@hostoil.tv helbide elektronikora.

Lur Errekondo izango da 20. denboraldiko bi aurkezleetako bat. Oraindik ez dute jakinarazi nork ordezkatuko duen Iantzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.