BERRIAko kazetaria

Urtzi Urkizu: «Lana egin behar da jendea ohitu dadin edukiak euskaraz ikustera»

Streaming plataformen mundua xehe aztertu du Urtzi Urkizuk ‘Streaming aroa’ liburuan. Gaur aurkeztu du, Donostian; bihar Errenteriako Torrekuan izango da. «Netflixek asko daki guri buruz», ohartarazi du.

Urtzi Urkizu. JON URBE / FOKU
Urtzi Urkizu. JON URBE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Andoain
2026ko martxoaren 12a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikus-entzunezkoen mundua arakatzen aditua eta aritua da Urtzi Urkizu kazetaria (Lezo, Gipuzkoa, 1975); horixe egiten du, egunero-egunero, BERRIAn. Netflix mundu zabalera hedatu zenetik hamar urte bete berritan, patxadarako tartea hartu du, eta streaming plataformak ekarri ditu hizpidera Streaming aroa saiakeran. Alberdania argitaletxearen Patrika bildumaren parte da, eta gaur aurkeztu du, Donostian. Bihar 18:00etan Errenterian (Gipuzkoa) izango da, Torrekuan, liburuaz hizketan.

Liburua irakurri ostean, ez dago zalantzarik: streaming plataformen helburu nagusia etekin ekonomikoa da.

Bai, batez ere AEBetatik iritsi diren plataformena. Talde publikoek sortzen dituzten plataformek, berez, beste helburu bat izan beharko lukete.

Haiek etengabe kontsumitzen aritzeko beharra sortzen dute plataformek.

Netflixen preso gaudela dio Joseba Gabilondok. Metafora bat da, zera esateko: ikusleak pentsatzen du erabakitzeko aukera duela, baina, ez badago adi, plataformak sortutako algoritmoak etengabe eskainiko dio nahi duena, sutsuki baldintzatuta, eta hor geldituko da beste ezer planteatu gabe. 

Ditxosozko algoritmoa...

Gauzak asko aldatu dira. Netflixek bere lehenengo originala sortu zuenean, House of Cards, bazeukaten algoritmoen sistema bat. Sistema horrek emandako datuen bidez jakin zuten zera behar zela, telesail bat istorio jakin bat kontatzen zuena, aktore jakin batzuekin. Bazegoen publiko potentzial bat, ondo aztertua, House of Cards ikusteko. Hori aztertua zegoen. Horrek, nire ustez, talka egiten du berez sorkuntzak eta arteak izan beharko lukeenarekin.

Eta kontsumitzaileak zera dira, algoritmoaren «elikagai eta gorozki».

Hobe koprofagiaz ez hitz egitea, irakurlea ez uxatzeko... Baina bai. Hartzaileak plataforman kontsumitzen du, baina plataformak datu horiek oso ondo erabiltzen ditu. Netflixek asko daki guri buruz, eta hori erabiltzen du hartzaileari eskaintza pertsonalizatua egiteko. Jakia ematen dio, eta gorozki bueltatzen da.

Streaming aroa du izena liburuak, baina Netflix aroa ere izan zitekeen?

Hainbat hilabetez, izenburu hau eduki nuen buruan: Netflix eta besteak. Garazi Goiak publikatu zuen Netflixek irabazi duela gerra hori; nik zergatik galdetu nion. Erantzuna: lortu duelako errentagarritasuna. Gainera, gorantz jarraitzen du.

Streaming plataformetan non dago euskara?

Euskara txiki dago. Badu presentzia txiki bat; plataforma batzuetan, batere ez. 2022an Espainiako Ikus-entzunezkoen Legea onartzeko zorian zegoela, Netflix eta Amazon Prime Video hasi ziren urtean lan batzuk euskarara bikoizten eta azpidazten. Gero, EITBren plataformak daude, eta Youtuben euskarazko eskaintza handia da. Gero eta gehiago ikusten dira bideo luzeak Youtuben, eta podcastetan ere indar ikaragarria hartu du. Etorkizunean baliatu daiteke, doakoa izateaz gain gazte askok kontsumitzen dutelako. Argi dago gazteengana iritsi behar dela, eta, euskarazko edukiak zabaltzeko, Youtube beste plataforma batzuk baino indartsuagoa izan daiteke, nire ustez.

Euskara normalizatuko bada, pantailetan egon behar du.

Noski. Egunean zenbat ordu pasatzen ditugu pantailen aurrean? Sakelako telefonoari begira, asko, eta telebistakoari begira ere bai. Euskaraz zenbat eta gehiago kontsumitu, orduan eta euskaldunago izango da norbera.

Alde horretatik, behar beste ari dira egiten erakunde publikoak?

Ikusten dira pauso batzuk. Eusko Jaurlaritzaren ikus-entzunezkoetako aurrekontua asko handitu da azken bizpahiru urteetan, eta hori nabari da pixkanaka. Baina ziur aski askoz gehiago egin beharko da, egoera oso zaila delako, eta datua, oso kezkagarria: gazteek streaming plataformetan ikusten dituzten edukien %1 da bakarrik euskaraz; telebistan, %7. Sare sozialetan euskara gehiago sustatu beharko da, eta estrategia batzuk egin, ikus-entzunezkoek euskaraz bide handiagoa izan dezaten. Herri mugimenduetako baten bat edo beste kexatu izan da publikoki noizbait: oso film gutxi estreinatzen dira zinemetan euskarara bikoiztuta, eta plataformetan ere bai. Kataluniako Generalitateak, adibidez, estreinatzen diren katalanezko filmen eta plataformetara iristen direnen promozioa egiten du, bere kabuz, sare sozialetan eta beste komunikazio digitaletan. Hemen herri mugimenduetakoak ari dira sustapen lan hori guztia egiten: Zer Non Ikusi katalogoan ari direnak, Pantailak Euskaraz-ekoak... Badaude gauzak, baina jendeak jakin behar du non dauden, zer diren, eta lana egin behar da jendea ohitu dadin edukiak euskaraz ikustera. Kontrako bidea egin da urte askotan: ETBk azken 15 urteotan telebista konbentzionalean emititu duen atzerriko fikzio guztia gaztelaniara bikoiztuta izan da. Hori guztia euskaraz egin izan balitz, jendea ohituago legoke eduki bat aukeratzerakoan euskaraz ikusteko.

«Ez konformatu plataformaren algoritmoak eskaintzen dizun lehenengo edukiarekin», diozu liburuan.

Baten batek esango dit —badaude datuak— bikoteak etxean egoten direla ez dakit zenbat ordu katalogoan batera eta bestera, eta ez dutela azkenean ezer ikusten. Nik ez dut hori planteatzen. Nik zera esaten dut: telebista piztera zoazenerako, lehenagotik begiratu Gaizka Izagirrek eta Sara Azurzak zer telesail gomendatu duten, Bego del Tesok zer filmen inguruan idatzi duen... Intereseko zerbait aurkituz gero gauean zuzenean hori ikustera joatea gomendatzen dut.

Alegia, telebista piztu baino lehen BERRIA irakur dezatela.

Bueno... Gaur egun informazio asko dago ikus-entzunezko edukien inguruan, eta bakoitzak aurkitu behar du bere gustukoa. Badago zer ikusi, baina pixka bat gehiago begiratu behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA