Eusko Jaurlaritzak 1983. urtea jaiotzearekin batera sortu zuen Euskal Telebista, Eusko Legebiltzarrak 1982ko maiatzaren 20an onartutako 5/1982 Legearen babesean. Ondotik, ETB2 kateak 1986ko maiatzaren 31n hasi zituen eguneroko emankizunak. 40 urte beteko ditu, beraz, igandean. Gaztelania hutsean emititzen du ETB2 kate publikoak, hala egin du urteotan; eta martxoaren 18an EITBk abian jarri zuen ETB2 On kate digitalak ere hala egiten du, katearen saioen errepikapenekin osatuz programazioa.
ETB kanal bakarra zenean, lehen hilabeteetan euskarazko albistegiak egiten aritu ziren. Baina, berehala, 1983ko abenduaren 19an, Juan Luis Bikuña zela aurkezle, ETBk gaztelaniazko albistegia emateari ekin zion eguerdian. ETBk gaztelaniazko eguneroko programazioa abiarazi zuen, 13:00etatik 15:00etara; euskarazko programazioa 19:00etatik 22:00etara baino ez zen. Horrela izan zen harik eta 1986ko maiatzean ETB2 katea sortu zen arte. ETB1 euskara hutsezko kate bilakatu zen orduan.
Kike Amonarriz soziolinguistak Txoria hodei artean liburuan esan zuenez (2024), garai hartako egoera soziolinguistiko eta politikoan «erabaki ona» izan zen hura. «Kate bat blindatu zen euskararentzat. Bestela, telebista bakar bat izango genuen, eta euskararen presentzia %25ekoa edo beste ehuneko batekoa izango zen». Eusko Legebiltzarrean txosten bat aurkeztu zuen Amonarrizek, dena den, eta ohartarazpen hau egin: «ETB2n, hasieratik, oso marjinala izan da euskararen erreferentzia. Eta erreferentziak Espainiakoak izan dira». 1989. urtean, Jose Luis Moreno ikuskizun bat egiten hasi zen ETB2n. «Espainiaren erreferentzialtasuna dago gaur egun oraindik ere ETB2n», esan zuen Amonarrizek duela bi urte.

Jose Ignazio Basterretxea kazetari aritu zen ETBn. EITBko administrazio kontseiluko kide izan zen, eta EHUko irakasle urte luzez. 2012. urtean, BERRIAn, adierazi zuen ETB1 kateari kalte egin izan diola ETB2k: «ETB2ren eragin handiena izan da ezabatu egin duela ETB1etik ezaugarri jeneralista, hau da, telebista osoa izateko aukera, erdarazko katera desplazatu duelako edukien sail esanguratsu bat. Gaizki elikatutako bonsai bihurtu du ETB2k ETB1».
Euskaldunak erdaraz telebista publikoan
Euskal Telebistaren ibilbidea aztertu duten hainbat ikerlarik nabarmendu izan dute ETB2 kateko ikus-entzule asko euskaldunak direla. Bea Narbaiza EHUko Ikus-entzunezko Saileko irakasle eta EITBko administrazio kontseiluko kide ohiak azalpen hau eman zuen duela bi urte: «ETB2 ikusten ari banaiz, ez naiz ETB1 ikusten ari. Eta datuek aspaldidanik esaten dute ETB2 ikusten dutenen ehuneko oso handi bat euskaldunak direla». Horren adibidetzat jo daiteke El conquistador del fin del mundo saioa; gazteen artean arrakasta handia baitu; kasurako, 2024ko finalak %40ko ikusle kuota baino handiagoa izan zuen EAEko 13-24 urte arteko gazteen artean. ETB sortu zenean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazte euskaldunak ez ziren %20ra iristen. Baina, gaur egun, %75ek baino gehiagok ulertzen dute euskaraz. Reality bakarra du egun Euskal Telebistak, eta gaztelaniaz ematen du. Bikoiztutako helduentzako film guztiak ere ETB2n ematen ditu talde publikoak telebista konbentzionalean; Primeran-en dira ikusgai euskarazkoak.
ETBk azkeneko urteetan eman izan dituen datuen arabera, antzeko aurrekontua dute ETB1ek eta ETB2k. Edo pixka bat handiagoa ETB1ek. Euskarazko katean, sos gehiago inbertitzen dira kirol emanaldietan eta haurrentzako telesailetan eta bikoizketan. ETB2n gaztelaniara bikoiztuta ematen duten fikzioa FORTA erakundearen bidez beste kate batzuekin eskuratzen dute, merke antzean.
Iaz, ETB2 kateak %8,5eko batez besteko ikusle kuota izan zuen. Teleberri albistegia, bestalde, liderra da EAEn; iaz, %21,9ko ikusle kuota izan zuen 15:00etakoak, eta %19,1ekoa 21:00etakoak.
Jon Gurutz Olaskoaga EHUko irakasle ohiak ETB2: euskararen erabilera ahultzen duen hizkuntza-anomalia artikulua idatzi zuen martxoaren 26an BERRIAn. «ETB2k berrogei urte daramatza gaztelaniazko hizkuntza-murgiltze eredua aplikatzen, gaur egungo errealitate soziolinguistikoarekin bat ez datorren testuinguru baterako diseinatua», dio Olaskoagak. «Gaztelaniazko murgiltze horrek euskaldunen artean euskararen erabilera jaistea eragiten du, hizkuntza ikasten ari direnen edo ikastea pentsatzen dutenen artean etsipena sortzen du, eta herritarren sektore zabalak urruntzen ditu euskararen erabilera normal eta naturaletik. Hitz batean, ETB2 hizkuntza-desertziorako faktore bihurtzen da».

Kultur arloko euskaltzale askoren kezka iturri izan da, bestalde, hamarkada hauetan ETB2 kateak gaztelaniaz hitz egiten jartzen dituela euskaldunak. 2015eko apirilean, agerraldi bat egin zuten hainbat kulturgile eta kirolarik, eskaera zehatz hau egiteko: «EITBko zuzendaritzak agindua eman diezaiela kazetari guztiei euskaldunak gaztelaniaz hitz egitera ez behartzeko, eta arretaz zaindu dezala agindua betetzen den edo ez». Agindua arau bihurtzea zen haien desioa. ETB2n euskaldunak euskaraz egitearen alde izeneko gutuna bidali zioten EITBko zuzendaritzari. Pauso txiki batzuk antzeman ziren hurrengo hilabeteetan. Baina, gaur egun, ohikoa da ETB2ko albistegietan eta saioetan euskaraz hobeto moldatzen diren herritarrak gaztelaniaz entzutea. Kulturgile eta kirolarien gutun haren aurreko egoera ez da irauli.
Zetak taldearen Mitoaroa eta Mitoaroa II ikuskizunak ETB2k eman zituen iaz, Pello Reparazek propio hala eskatuta. Aurkezpenak gaztelaniaz egin zituen esatariak, baita elkarrizketak ere Mitoaroa II Donostiako emanaldian.