Zaloa Mendez. 'Gure Kasa' saioko zuzendaria

«Lehen etorri nahi ez zutenek orain etorri nahi dute 'Gure Kasa' saiora»

'Gu ta gutarrak' gazteentzako saioa zuzendu ondoren, Mendezek 'Gure Kasa'-ren lema hartu zuen iaz. Familientzako gaueko entretenimendu tarte bihurtu nahi izan du, gazteentzako eta helduentzako edukien bidez.

ETB.
Edu Lartzanguren.
2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Zaloa Mendez zuzendariak (Bilbo, 1974) ETB1eko Gure Kasa saioaren bigarren denboraldiari ekin dio berriki.

Espero zenuen Gure kasa-k bigarren sasoia izatea?

Duela urtebete, ezetz esango nizuke; inondik inora ez. Baina ikusle datuek lagundu egin digute; gora eta gora joan dira, eta bigarren sasoian ere sendo hasi gara. Adierazgarria da gonbidatuekin gertatu zaiguna: lehen Gure Kasa-ra etorri nahi ez zutenek orain nahi dute. Jendea animatzen hasi da, eta jo eta ke gabiltza.

Nork esan dizue ezetz eta gero baietz?

Amets Arzallusek iaz ezetz eta ezetz esan zigun, eta, oraingoan, baietz. Eñaut Elorrietak iaz ezetz, baina, orain, aurrerago hitz egingo dugula esan digu. Iaz, hasi ondoren konturatu ginen ETBn ez zegoela jendea modu arin eta informalean elkarrizketatzeko tarterik. Aurrekoan, batek galdetu zidan nola lortzen dugun gonbidatuak horren eroso egotea saioan. Gidoia gonbidatuekin adosten dugu, ustekabeak izan ezik. Oso lasai datoz.

Benito Lertxundiren eta Berri Txarrak taldeko musikarien atzetik zabiltzate. Lortuko duzue saiora eramatea?

Benito Lertxundik beti esan digu ezetz, baina Iban Garciak gonbidapena eman zion aurrekoan Zarautzen [Gipuzkoa], kontzertu batean, eta bueno, ez zuen ezetzik esan. Berri Txarrak taldeari ematen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Maialen Lujanbio oraingoz ezinezkoa da, baina nik gonbidapena eman nahi diot Gure Kasa-ra etortzeko. Karlos Argiñanok ere sekulako saioa emango liguke. Dagoeneko lotuta ditugu Fermin Muguruza, Andoni Ortuzar, Arnaldo Otegi...

Zenbateko ikusle kuotarekin hasi zarete?

Astelehenean 2,8ko kuota izan genuen, Jon Maiarekin; 20.000 ikusle. ETB1erako saio baterako, sekulakoa da. Aurreko denboraldian marka ekainean egin genuen, Pello Zabala handiarekin: 3,7. Kuota sendoa izan dugu hilabetez hilabete eta hainbat adinetako jendearekin. Gaztetxoak ditugu nagusi ikusle saioaren hasieran, Iban Garciaren tartearekin eta Zuriñeren txantxekin [Aitziber Garmendia aktoreak egiten duen pertsonaia]. Gero, 25-44 urteko tarteko ikusleak —target komertziala deitukoa— oso altu dugu. Azkenik, 45 urtetik gorakoak harrapatu ditugu. Iaz ez genien heldu hasieran, pixkanaka joan dira sartzen.

Adin tarte oso zabala harrapatu nahi duzue. Hori nahi duenak ez al du arriskua azkenean inorentzat ez aritzeko?

Gu ta gutarrak saioa egin genuen aurretik, eta, orduan bai, nerabeak eta gaztetxoak konkistatzea zen helburua. Orain, familiarentzako saio bat egiteko eskatu digute. Hor galdera sortzen zaigu: haur batek ikusiko du helduentzako eduki bat? Orduarekin jokatzen dugu hor: 22:00etatik aurrera sartzen ditugu helduentzakoak. Nik 8 eta 15 urteko semeak ditut, eta 22:00ak arte uzten diet telebista ikusten. Segida naturala da, beraz, bizitza bezalakoa.

Ane Guria rap abeslaria fitxatu duzue; kantuak asmatzen dizkie gonbidatuei. Gidoitik aterako zen baten beharra zenuten?

Beste kolaboratzaile askorekin gertatu zaigun bezala, Ane Guria gonbidatu gisa etorri zen saiora, eta sartu bezain pronto jarri zuen platoko energia goraino. Telebistan, hori urrea da, eta berehala eskatu genion saioan parte hartzeko. Gonbidatuak berak proposatzen duen rap horretan integratzea da asmoa.

Gonbidatuak lankide bihurtzen dituzue, baina Gure Kasa-k ere izan ditu kumeak: zuen saiotik atera zen Onintza Enbeitaren eta Ana Goitiaren Hauxa2 saioa. Aurtengo sasoiak ere haurrak emango dituela uste duzu? Zeintzuk?

Ana eta Onintza nagusi egin dira, emantzipatu dira eta etxe propioa dute. Bigarren denboraldiarekin astebete bakarrik daramagu, baina guretzat Maddalen Arzallus sekulako aurkikuntza izan da. Lotsati hasi zen, baina ustekabe hutsa da. Nire ustez, saio propioa izan dezake lasai asko. Baina pena emango lidake, guk galduko genukeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.