Hiriak, lekuak eta gertakariak beste modu batera ezagutzeko audio-esperientzia bat sortu du EITB taldeko Guau plataformak: Arrastoan. Entzungailu batzuk jantzita, ibiliz, entzunez eta inguruari beste begirada batekin erreparatuz izango dute esperientzia hori herritarrek. Piszifaktoria konpainiako lantaldearekin batera osatu dute egitasmo berria. Mikel Ayllon da audio ibilbideen zuzendari eta gidoilaria; Ayllonek berak eta Irati Agirreazkuenagak jarri dituzte ahotsak; Ibon Agirre arduratu da soinu diseinuaz; eta jatorrizko musika Agirrek berak eta Igor Arzuagak sortu dute.
Donostiako Zinemaldiaren bueltan osatu dute lehen ibilbidea, eta atzo arratsaldean egin zuten bide hori hiriaren erdialdean, zinemazaleen artean, Miren Gaztañaga aktorearen laguntzaz. Hain justu, modu horretan aurkeztu zuten Arrastoan. Atal bakoitzean, gainera, ahots gonbidatu bat izango dute gaiari edo tokiari lotuta, eta zinema jaialdikoan Gaztañaga aritu da zeregin horretan.
Ayllonek azaldu duenez, Guau plataformak bazuen halako nahi bat bere jarduera kalera edo arlo fisikora zabaltzeko. «Esan dezagun, digitaletik analogikora jauzi egiteko ere bai. Ez dadila Guau plataforma arlo digital hutsean gelditu. Orduan, ideia horrekin hasi ginen Arrastoan proiektua lantzen». Atalen zuzendari eta gidoilariak aipatu du plano digitala eta fisikoa lotu dituztela. «Ibilbide batzuk sortu ditugu, plataforman eskura egongo direnak. Kalean ibili bitartean entzun ahalko ditu jendeak ibilbide horiek; beraz, soinu esperientzia fisiko bat eskainiko zaie». Gaineratu duenez, batzuetan aitzakia gertakari bat izango da —kasurako, Donostiako Zinemaldia—, eta besteetan, toki bat.
Atal berria bi astetik behin
Donostiako Zinemaldiarekin batera egin du lehen urratsa Arrastoan egitasmoak, Maite Goñi EITBko Irrati eta Audio zuzendariak azaldu duen moduan. Ordu erdi inguru irauten du lehen ibilbideak, eta Donostiako Zinemaldiaren historiaren eta iruditeriaren parte diren hainbat lekutan barna eramango du entzulea: Kursaalean hasi, eta Maria Kristina hotela, Viktoria Eugenia antzokia eta halako tokietatik pasatuko da ibilbidea. «Haien atzean gordetzen diren istorioak, soinuak eta pasadizoak deskubrituko ditu entzuleak», nabarmendu du Goñik. Zinemaldia bera bizitzeko beste aukera bat eskaini nahi du Arrastoan saioaren lehen atalak. «Beste begirada batetik, lasaiago, modu pertsonalago eta sentsorialago batean». Ayllonen arabera, zinema jaialdiaren historian eta Euskal Herrira etorri diren zinema izar batzuen arrastoan ere murgilduko da entzulea. «Oinez, eta horien istorioak ezagutuz».
Arrastoan saioaren lehen denboraldiak sei atal edo ibilbide izango ditu. Bilbora, Durangora eta Gernika-Lumora (Bizkaia) joango dira beste ataletako batzuetan. Bi astean behin sareratuko dute atal bakoitza Guaun eta beste audio plataforma digitaletan.
Halako ibilbideetan, zein kasko erabili? Ayllonek argi du: «Belarri guztia estaltzen dituzten kasko handi horiek dira egokienak». Gaineratu duenez, soinua «oso landua» dago. «Soinu paisaia ere bai. Adibidez, lehen atalean, Donostian bertan hartutako soinuz hornituta dago atala; detaile pilo bat daude». Aipatutako kaskoak erabiltzea gomendatu du, «kaleko zaratak ez entzuteko».
EITBko ordezkariek nabarmendu dute Arrastoan ibilbideak audio esperientziak bereziak direla. «Ez da audiogida bat; ez da podcast bat; ez da bisita gidatu bat. Istorioak, soinu paisaia eta memoria nahasten dituzten esperientzia murgilgarriak dira. Arrastoa uzten duten ibilbideak».