Telesailak

Lilleko Series Mania jaialdia gaur hasiko da

Zortzi telesail izango dira lehian Sail Ofizialean. Aurreneko urtea da jaialdian ez dena Israelgo telesail berritik proiektatuko.

Netflixen '3 Body Problem' telesaila.
'3 Body Problem' telesaila. NETFLIX
urtzi urkizu
2024ko martxoaren 15a
05:00
Entzun

Telesailen jaialdien artean, Lilleko (Frantzia) Series Mania da garrantzitsuena. Aurten ere punta-puntako telesailak izango dira lehian: gaur hasi eta martxoaren 22an amaituko da Lilleko nazioarteko jaialdia. Hasiera ekitaldian, 3 Body Problem telesailaren aurrestreinaldia egingo dute. Fikzio hori Netflix plataforman ikusi ahalko da mundu osoan hilaren 21etik aurrera. David Benioff eta D.B. Weiss dira sortzaileak; hain zuzen, Game of Thrones arrakastatsuaren gidoilariak.

Series Mania jaialdiko Sail Ofizialean, bestalde, hainbat herrialdetako ekoizpen esanguratsuak izango dira lehian: Apples never fall (Australia-AEB), Boarders (Erresuma Batua), Dans l'ombre (Frantzia), Herrhausen-The Banker and The Bomb (Alemania), Hotel Cocaine (AEB), House of Gods (Australia), So long, Mariane (Kanada-Norvegia-Grezia) eta Rematch (Frantzia-Hungaria). Azken telesail horrek kontatzen du Garry Kasparov xake jokalariak nola jokatu zituen partida batzuk IBMren Deep Blue ordenagailuaren aurka. Arte katearen ekoizpen bat da.

Sail Ofizialeko epaimahaiko burua Zal Batmanglij da. Hilaren 22an lau sari banatuko dituzte: sari nagusia, gidoirik onena, emakumezko aktorerik onena eta gizonezko aktorerik onena. Beste sail batzuk badaude, ordea, jaialdian, eta horietan ere banatuko dituzte sariak. Frantziako telesailei eskainitako sail bat ere bada. Beste bat Nazioarteko Panorama deiturikoa da, eta horretan Movistar Pluseko La Mesías emango dute —Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zuten—. Komedia generoko lehia ere bada, baita formatu laburreko lehia ere.

Bestelako proiekzio bereziak ere egingo dituzte aurten Series Mania jaialdian: Alemaniako Disko 76, AEBetako Hannibal eta Frantziako HPI-ren laugarren denboraldia proiektatuko dituzte lehiaz kanpo.

Media Euskadiren aukera

Jaialdiak aukera ematen du ekoizleek proiektuak garatu eta koprodukzioak bilatzeko. Esate baterako, hilaren 19an, Europako Media bulegoak networking ekitaldi bat antolatu du, eta tartean da Media Euskadi bulegoa. Koprodukzioa bilatzeko orduan laguntza emateko eta Europako harreman sare bat sortzeko helburua du ekitaldiak. Series Mania foroan egingo dute ekitaldia. Bertan parte hartu nahi dutenek Media Euskadi bulegoko arduradunekin jarri behar dute harremanetan.

Series Mania jaialdiko zuzendari Laurence Herszbergek eta presidente Anne Bouveratek, beste alde batetik, adierazi dute munduan egun dauden zenbait gatazkak eragina dutela Lilleko ekitaldian. Nabarmendu dute «Errusia-Ukraina gerrak eta Israel-Hamas gatazkak» asko murriztu duela herrialde horietako eskatzaileen kopurua. «Israelen bertan behera utzi zituzten martxan zeuden proiektu asko». Hartaz, Series Maniak lehen urtea izango du Israelgo telesailik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.