'Maite zaitut' herri omenaldia Makusin ikusi ahalko da hilaren 26tik aurrera

Maiatzaren 3an Barakaldoko BEC bete zen, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen omenezko jaia ospatzeko. Osorik eta doan ikusteko modua emango du EITBren plataformak.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen omenezko 'Maita zaitut' jaia, maiatzean, Barakaldon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Pirritx, Porrotx eta Marimototsen omenezko 'Maita zaitut' jaia, maiatzean, Barakaldon. ARITZ LOIOLA / FOKU
urtzi urkizu
2025eko irailaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da nolanahikoa Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Euskal Herrian sorrarazten duten maitasuna. Hainbat belaunalditako euskaldunek maite dituzte. Haiek ere maitasunez jardun dute ikuskizunetan urte luzeetan. Horren erakusgarri, maiatzaren 3an Barakaldoko (Bizkaia) BEC bete-bete zegoen, Maite zaitut jaia ospatzeko. Hiru pailazoei egindako herri omenaldi berezia izan zen. Berrehun artistak baino gehiagok parte hartu zuten emanaldian. Eta egun hartan BECen izan zirenek jaia berriro ikusi ahalko dute, baina pantaila batean, Makusin, EITBren haurrentzako doako plataforman. Hara joan ezin izan zirenek aurrenekoz ikusi ahalko dute, bide batez. Hilaren 26tik aurrera egongo da emanaldia ikusgai.

Euskara izan zen emanaldi osoan maizen aipatu ziren osagaietako bat. Euskara eta haien lana beti ibili baitira eskutik lotuta. Hala nabarmendu zuten jai hartan Aiora Zulaikak, Joxe Mari Agirretxek eta Mertxe Rodriguezek: Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek.

Herri omenaldi hartan parte hartu zuten artisten artean, Ines Osinaga, Xabi Solano, Igor Elortza, Lide Hernando, Jon Maia, Olatz Salvador, Eñaut Elorrieta, Uxue Alberdi eta Yogurina Borova zeuden. Palestinako Sol Band taldeak ere parte hartu zuen, eta Palestinaren aldeko aldarriak ez ziren falta izan jaialdian. Maialen Lujanbio bertsolariak, bestalde, Maitasunaren manifestua aurkeztu zuen. Beste manifesturik ere iritsi zen oholtza gainera: Eskubideen aldeko eta kontrako manifestua irakurri zuten Amets Arzallusek, Itziar Ituñok, Ramon Agirrek eta Sambou Diabyk.

Maite Zaitut herri omenaldia, Pirritx, Porrotx eta Marimototsi.
'Maite zaitut' herri omenaldia, maiatzaren 3an, BECen. ARITZ LOIOLA / FOKU

Jaialdi hura Maite Zaitut kultur elkarteak antolatu zuen. Hiru pailazoek ere izan zuten beren tarte berezia, eta agerraldi txiki bat egin zuten oholtza gainean. Ikusleak erabat hunkituta utzi zituzten momentu hartan.

'Loa eta Laia' bueltan

Hilaren 26an bertan, izango dira eduki berri gehiago ere Makusi plataforman. Loa eta Laia ostiralean bueltatuko dira atal berriekin, baita bideoklip berri batekin ere. Horrez gain, datorren ostiraletik aurrera Ninja Dortokak marrazki bizidunetako atal berriak sareratzen hasiko da plataforma. 0-4 urte arteko neska-mutikoei zuzendua dago Loa eta Laia saioa. Ninja Dortokak marrazkiak, berriz, 8 urte baino gehiago dituztenei zuzenduak dira.

Iaz, Makusi jaia egin zuten Barakaldoko BECen. Arrakasta handia izan zuen, eta aurten ere toki berean egingo dute. Urriaren 11n ospatuko dute, eta datozen egunetan emango dituzte xehetasunak. «Izugarrizko festa» izango dela iragarri du Makusi plataformak. Ziurtzat jo daiteke Go!azen telesailaren denboraldi berriaren aurkezpen berezia egingo dutela pantaila handian.

Makusi Klubean, bestalde, hainbat egitasmo jarriko dituzte martxan datozen asteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.