Makusi plataformak hainbat lan gehituko ditu datozen egunotan bere zerrendara. Gabonetako oporrak hasi dituzte neska-mutikoek, eta izango dute zer ikusi EITBren Interneteko zerbitzu horretan. Hala, Makusik Heidi, katamotzaren erreskatea marrazki bizidunetako filma estreinatuko du datorren astelehenean.
Heidiren abenturak oinarri dituen film hori abuztuan iritsi zen Euskal Herriko zinema aretoetara. Protagonistak zaurituta dagoen katamotz bat aurkituko du mendian, eta, Peter lagunarekin batera, misio ausart bati ekin: familiarengana eramango dute animalia. Natura eta haien etxea arriskuan jarriko dituen enpresari bihozgabe bati ere aurre egin beharko diote Heidik eta haren ingurukoek. Izan ere, enpresariak zerrategi bat eta katamotz tranpak jarri nahi ditu mendian. Alemaniak, Espainiak eta Belgikak koproduzitu dute filma, hiru dimentsioko animazioan egina dago, eta zuzendariak Tobias Schwarz eta Aizea Roca dira. 80 minutuko irauten du lanak.
Egunotan, bestalde, Bilboko Zinetxiki jaialdian ematen ari diren hainbat film sartzen dabiltza Makusiren katalogoan. Bilduma berezia osatu dute lan horiekin.
'Loa eta Laia'-ren kanta berria
Haur txikienen kutunak bilakatu dira jada Loa eta Laia. Saio horren hirugarren denboraldiaren azken alea atzo sareratu zuten Makusin, eta kanta bat estreinatu dute hartan. Denboraldi honetan, Loak eta Laiak omenaldi berezia egin diote musikari, Quiang eta Niko lagunekin batera. Mundu osoko askotariko erritmoak landu dituzte. Ikuspegi dibertigarri eta didaktikoan oinarritu dira, aurreko bi denboraldietan egin zuten moduan. Bakeari, errespetuari, maitasunari, zaintzari eta partekatzen ikasteari buruzko abestiak eta istorioak landu dituzte.
Oso bestelako musika eskaintza bat ere iritsi da berriki Makusi plataformara: Itzalpean musikala. Iruñeko Jaso ikastolako ikasleek aurkeztu zuten musikal hori, iazko urrian. Istorio mamitsua du: kazetari talde batek albiste faltsuak salatuko ditu, eta «informazio lerratu eta sentsazionalisten aurka» oldartuko dira. Kantuz eta dantzaz jorratu dute desinformazioaren eta komunikabideen gaia.
Egun gutxi falta dira Olentzero eta Mari Domingi Euskal Herriko etxeetan opariak banatzen hasteko. Makusik, hortaz, Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera eskainiko du.
Hori gutxi balitz bezala, Potx eta Lotx pailazoek Eguberri on, Makusi ikuskizuna eramango dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako oholtzetara: astelehenean, Donostiako Kursaalean ariko dira; abenduaren 27an, Iruñeko Baluarten; urtarrilaren 2an, Bilboko Euskaldunan, eta urtarrilaren 4an, Gasteizko Europa jauregian. Sarrerak salgai daude Makusin bertan.