ETBren saiorik arrakastatsuenetakoa da oraindik El conquistador del fin del mundo. Atzo gauean eman zuten ETB2n lehiaketaren 21. denboraldiko finala, eta %22ko ikusle kuota lortu zuen EAEn. 200.000 ikuslek baino gehiagok ikusi zuten saioa telebista konbentzionalean; izan ziren Internet bidez ikusi zutenak ere. 2021ean lortu zuen saioaren finalak inoizko daturik onena: %38,1eko ikusle kuota. Nabarmen txikiagoa izan da aurtengoa, handia izan arren.
Bestalde, atzo ETB2 izan zen EAEn gehien ikusi zen telebista katea: %12,5eko batez besteko kuota izan zuen, Espainiako kate guztiak gaindituta. Bi albistegiak, kirol tarteak eta Eguraldia liderrak izan ziren. 15:00etako Teleberri1 izan zen egun osoan kuotarik handiena lortu zuen saioa: %24,2ko ikusle kuota eta 174.000 ikusleren audientzia metatua. Arratsaldeko Esto no es normal programak, bestalde, %12,8ko kuota bereganatu zuen.
Kontuan hartu behar da ETB2 kateak 2024-2025eko denboraldian %8,3ko batez besteko ikusle kuota izan duela. Conquis-ekin batera, Teleberri albistegia izan ohi da ikusle daturik onenak lortzen dituen saioa.
Conquis-eko kontuetara itzulita, Marcela Danborenea Busturiko (Bizkaia) lehiakideak irabazi zuen finala. Ikurrina altxatzearekin batera, 20.000 euroko saria eraman zuen etxera. Bera da reality-a irabazi duen seigarren emakumea. Eta aurtengoa izan da aurreneko aldia finalera hiru emakume iritsi direna. Orientazio proba bat egin zuten hasieran; gero, igeri ibili ziren; eta, azkenean, sokak eta tirolina luze bat gainditu behar izan zituen Danboreneak final horretan.

Ari eta Carra beste finalistek ere jaso dituzte sariak: 10.000 eurokoa Arik, eta 5.000 eurokoa Carrak. Bestetik, bihar, asteazkena, Conquis-en azken eztabaida saioa emango du ETB2k (22:25), eta bertan jakingo da zein lehiakidek lortuko duen ikusleen saria.
TelevisaUnivision katean
Aurreko denboraldian, Espainiako TVEk Conquis-en bertsio bat egin zuen. Ez du jarraipenik izan. Baina Amerikan TelevisaUnivision talde handiak Conquis-en beste bertsio bat estreinatuko du datozen hilabeteetan. The Mediapro Studio-ren Mexikoko lantaldeak ekoitziko du Cimarron enpresarekin batera. Dominikar Errepublikan grabatuko dute, eta aurkezleak Julian Gil eta Valeria Marin izango dira. Irabazlearentzat saria ETB2ko saioaren halako hamar izango da: 200.000 euro ingurukoa. Amparo Castellano The Mediapro Studio-ko ordezkariak nabarmendu du TelevisaUnivision kateko bertsioa originalaren «erabat fidela» izango dela.
Argentinako Canal13 katean ere grabatu zuten reality-aren bertsio propio bat.
Okerrik ezean, ETB2k 2026ko urtarrilean estreinatuko du Conquis-en 22. denboraldia. Saioak programazioan iraun duen hilabeteetan, urtarriletik ekainera, EITBren Bilboko egoitzan gaztelaniazko programa horren irudi handi bat egon da fatxada nagusian, nahiz eta hilabeteotan EITBk euskarazko hainbat saio ere estreinatu dituen.