Karim Ouaffi kazetari frantsesak erronka bat jarri zion bere buruari: gazteei maskulinitate eredu berriak ezagutaraztea. Tira, ez dakit hain berriak ote diren; sanoagoak bai, zalantzarik gabe. Emaitza Mutila izatea izeneko lan hibridoa da, Ttarttalo etxeak Aiora Jakaren itzulpenarekin aurten argitaratua.
Ouaffik ez du batere zeregin erraza hartu bere gain. Nola azaldu nerabeei helduen artean oraindik ere eztabaida biziak pizten dituen gaia? Bada, gazte horien hizkuntza bera erabiliz; hots, komikia eta nerabeek ulertzeko moduko hizkera batean idatzitako atal teorikoak konbinatuz. Horrela lortu du ertz askotako gai mamitsu horri heltzea, adeitsu baina irmo, estilo arinez baina sinplismoan erori gabe, ikuspegi erabat pedagogiko batetik. Estereotipo eta klixeen arriskuaz ohartaraztearekin batera, mutila izatea zer ote den galderari hamaika erantzun posible ematen dizkion lan hezigarria ondu du.
Liburua bost kapituluz osaturik dago. Mikankey ilustratzailea konplize bihurtuta, komiki formatuan aurkeztutako bost istorio. Generoari lotutako bost gatazka. Bost maskulinitate eredu positibo beste eredu toxiko batzuei kontrajarrita. Eta, jakina, bost protagonista; jatorri eta kultura ezberdinetakoak, baina denak mutilak, denak lizeo berean ikasten duten nerabeak.
Masato oso triste dago bere lagunik onena hil zenetik, eta bere emozioak libreki adierazteko eskubidea aldarrikatuko du, horretarako ikaskideek ahultzat joko duten beldurrari eta etxean negarrez ikusi orduko garrasika hasten zaion aitari aurre egin behar badie ere. Igorrek, bere homosexualitatea ezkutatzeaz nazkatuta, pauso bat aurrera egingo du bere burua onartzeko eta besteen aurrean den bezalakoa agertzeko bidean. Fetik, aldiz, adiskideen babesari esker lortuko du jazarle bati aurka egitea indarkeria erabili gabe.
Anttonek dena ondo planifikatua du lehen sexu harremana izateko, pornografia ere ikusi du Loreak esperientzia falta igar ez diezaion... Ez zuen inola ere Lorearen ezetzik espero, baina behintzat emakumeak errespetatzen ikasiko du. Azkenik, Ametsek udako oporrak baliatuko ditu, itxurak alde batera utzita, adorea bildu eta bere lagun minari mutil transa dela aitortzeko.

Kapitulu bakoitzak tonu ezberdin bat du: gorria, laranja, urdina, berdea edo morea. Saiheska jarriz gero, liburua ortzadar puskatxo bat da. Eta komiki orrien ondoren, gazteen ezinbesteko jakingarriak datoz. Atal teorikoetan patriarkatua, pribilegio maskulinoa, feminismoa, genero estereotipoak, maskulinitate positiboa eta funtsezko beste kontzeptu asko azaltzen zaizkie, oso era pedagogikoan eta irudi ugariz lagunduta, nerabe adigalkorrenen arreta ere bereganatzeko moduan.
Atal berean planteatzen dira gazte orok bere buruari egin beharko lizkiokeen galdera garrantzitsuak: Zer da zehazki mutila izatea? Nola jokatzen omen dute «benetako mutilek»? Nola erreakzionatu behar dugu jazarpenaren aurrean? Pornografiak ba al du ondorio kaltegarririk? Zer egin dezakegu maskulinitate toxikotik askatzeko? Posible al da beste maskulinitate eredu bat?
Tarteka, gaien inguruko informazioa eta egungo gizartearen joerak adierazten dituzten inkesten emaitzak edo estatistikak aipatzen dira. Eta egia bada ere Ouaffik gehienbat Frantziako gaurko egoera islatu duela, guztiz eskertzekoa da Ttarttalo argitaletxeak egindako ahalegina Euskal Herriari dagozkion datuak gehitzeko. Hala, irakurle euskaldunek emakumeen eskubideen konkistan Ipar eta Hego Euskal Herrian mugarri izan diren gertaerak ezagutuko dituzte, LGTBIQ+ kolektiboaren elkarte nagusiak, eskola jazarpena eta bestelako indarkeria pairatzen duten haur eta gazteek laguntza eskatzeko telefono zenbakiak, edo zein izan diren historian zehar euskal feminismoaren erreferente nagusiak.
Liburua laguntza handikoa izan daiteke irakasle eta gurasoentzat, eskolan nahiz etxean halako edukiak lantzeko. Eta komeni litzateke nerabeek eskura izatea, behar duten bakoitzean kontsultarako eskuliburu gisa erabili ahal izan dezaten. Ea horrela, edizio batetik hurrengora, gizarte dinamikak aldatzea eta estatistika positiboagoak aipatzea lortzen dugun!
FITXA
- Mutila izatea. Maskulinitatea haize kontra / Karim Ouaffi / Ttarttalo, 2025

