Telesailak

Max Cady itzuli da

Nick Antosca zuzendaritzan dela, eta Javier Bardem, Amy Adams eta Patrick Wilson protagonista dituela, ‘Cape Fear’ telesailak jazarpenaren, erruaren eta beldurraren inguruko kontakizun hipnotiko eta ilun bat eskainiko du.

'Cape Fear' telesailaren fotograma bat. APPLE TV+
'Cape Fear' telesailaren fotograma bat. APPLE TV+
gaizka izagirre
2026ko ekainaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Apple TV plataformara Cape Fear telesaila iritsiko da. Nick Antoscak zuzendutako eta Javier Bardem, Amy Adams eta Patrick Wilson protagonista dituen produkzio berria da. Film klasikoaren esentzia hartu, eta, serie formatura ekarrita, bertsio berriak bestelako hurbilketa bat proposatuko du: aurreko filmak baino zabalagoa, estilizatuagoa, sakontasun psikologiko handiagokoa, eta pertsonaien arteko tentsio morala modu pausatu eta hipnotikoan aztertzeko tarte gehiago hartuko dituena. 

Martin Scorsese eta Steven Spielberg izango dira ekoizle exekutiboak, eta Nick Antosca arduratuko da zuzendaritzaz; azken hori telebistako izuaren eta narratiba kezkagarrien eremuan egindako lanengatik da ezaguna. Brand New Cherry Flavor telesailean erakutsi zuen bezala, suspensearen eta amesgaiztoaren artean dabil haren estiloa, ikuslea deseroso baina liluratuta mantentzen duen oreka batean.

Istorioaren erdigunean Max Cady (Javier Bardem) egongo da berriro ere; kartzelatik irten berri den gizon zauritua, mendekuaren sugar motel baina etengabeak barrutik errea. Anna eta Tom Bowden abokatuen aurka itzuliko da —Amy Adams eta Patrick Wilson—, bizitza suntsitu ziotela sinetsita. Oraingo bertsioak, ordea, ez ditu pertsonaiak zuri edo beltz marraztuko; bakoitzaren motibazioetan eta kontraesanetan egingo du kosk. Sare sozialek, pantailen etengabeko presentziak eta ikusgaitasunaren kulturak ere lekua izango dute kontakizunean, beldurra gaur egungo munduaren ispilu bihurtuz.

Javier Bardemek emango dio bizia Max Cady berriari, eta hautuak berak argi uzten du seriearen asmoa. Bardemek maisuki gorpuzten ditu barrutik hautsitako pertsonaiak; haren presentziak tentsioa loditu egiten du, airea bera astun bihurtzeraino. Begirada soil batekin gai da mehatxua hitzik gabe transmititzeko, isiltasuna ere arriskutsu bihurtuz.

Amy Adams eta Patrick Wilsonek, berriz, kontrapuntu intimo eta mingarria eskainiko diote kontakizunari. Cadyrenganako beldurra haien arteko arrakaletan sartuko da pixkanaka, familia baten barruan urteetan ezkutuan gordetako sekretuak eta erruak astinduz. Jazarpena ez da fisikoa bakarrik izango; barrutik higatzen duen presio motel eta itogarria ere bihurtuko da.

Estetikoki, Antoscaren unibertso bisuala berehala antzemango da: kolore saturatuak, itzal likatsuak, beldurrezko zinematik hurbil dagoen atmosfera, kamera mugimendu urduriak eta errealitatea amesgaizto bihurtzen duten trantsizio hipnotikoak. Irudi bakoitzak ezinegona arnasten duen mundu bat eratuko du.

Antagonista baten jaiotza

Telesail formatura egokitutako istorio honen aurretik, liburu batean jaiotako kontakizuna bi aldiz iritsi zen zinemara: lehenik, 1962an, J. Lee Thompsonek zuzendutako bertsio klasikoarekin; eta, geroago, 1991n, Martin Scorsesek sinatutako berrirakurketa ilun eta estilizatuarekin. Azken hori, denborarekin, thriller psikologikoaren eta beldur moralaren erreferente nagusietako bat bihurtu zen.

90eko hamarkadako moldaketa hartan, Robert De Niro sartu zen Max Cadyren larruan, eta pertsonaia maila ia mitikora eraman zuen. Haren presentzia mehatxagarri eta hipnotikoak antagonista modernoaren figura erabat birdefinitu zuen zinema garaikidean. Haren interpretazioak dimentsio ia operistikoa eman zion pertsonaiari: gorputzean iltzatutako tatuajeek, hegoaldeko azentu suminduak eta begiradaren intentsitate ia alimalekoak irudi ahaztezina marraztu zuten Cadyrengan.

'CAPE FEAR'

  • Sortzailea. Nick Antosca.
  • Herrialdea. AEBak.
  • Urtea. 2026.
  • Aktoreak. Javier Bardem, Amy Adams, Patrick Wilson eta CCH Pounder.
  • Non ikusi. Apple TV.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
  • Generoa. Thriller psikologikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE