Ordu gutxitan askotarako eman dute Pasapalabra lehiaketako auzibideek. Batetik, atzo Espainiako Auzitegi Nagusiak erabaki zuen Antena3 kateak ezingo duela Pasapalabra lehiaketako azken proba eman —Gurpila—. Atresmedia taldeak —Antena3, La Sexta— erantzun zuen esanez Pasapalabra bere horretan ematen jarraituko dutela datozen asteetan, Gurpila barne. Ordu gutxira, publiko egin zen duela urtebete Mediaset España taldeak —Tele5, Cuatro— Gurpilaren eskubideak erosiak zituela, baldin eta auzitegiko erabakiak Atresmediaren kontra egiten bazuen.
Gaur, berriz, Madrilgo Probintzia Auzitegiak zera erabaki du: partzialki aintzat hartzen duela Erresuma Batuko ITV ekoiztetxeak jarritako helegitea, eta, horrenbestez, Mediaset taldeak 73,2 milioi euro ordaindu beharko dituela 2012tik 2019ra Pasapalabra baimenik gabe emateagatik; lehendik ere eman zuen Tele5k saioa, 2007tik 2012ra. Baina lege haustea 2012an hasi zen, antza. Mediasetek ez du esan zer egingo duen Gurpilaren eskubideekin —duela urtebete erosi zituen—.
Lehiaketaren formatu originala eta Gurpila proba ez ziren batera sortu. Erresuma Batukoa zen lehiaketa originala: The Alphabet Game. 1996. urtean hasi ziren ematen. Baina lehen bertsio hartan ez zegoen Gurpila probarik. 1998. urtean sortu zuten Reto Luigi Piantak eta Rene Mauricio Loebek. MC&F enpresaren bidez, Italiako bertsioaren eskubideak saldu zituzten. Ondotik, ITV-k lehiaketaren formatua berreskuratu zuen, baina Gurpila gabe. Espainiako telebista talde nagusiek erosi zuten bertsioak, ordea, Italiako formatua zuen. Eta horixe da auziaren jatorria. Neurri batean, behintzat. Â
Hego Euskal Herrian jarraitzaile ugari ditu lehiaketak. Ikusle datu onak izan ditu saioak urte luzez. Kasurako, atzo gauean Antena3 kateko emanaldiak %20,1eko ikusle kuota izan zuen EAEn —gehien ikusitakoen artean, zazpigarrena—.