ETB1eko Mihiluze saioan lehiakideak azken proba jokatzen ari diren bitartean, edozein herritarrek proba berbera jokatu ahal izango du sakelako telefonoan edo tabletan. Lehiaketaren aplikazioaren bitartez egin ahalko da hori. Aplikazio berria gaurtik aurrera deskargatu ahalko da, doan, Google Play eta APP Store denda digitaletan; ondotik, aplikazio hori ireki beharko da Mihiluze-n jokatzeko. Herritarrek datorren astelehen gauetik aurrera izango dute horretarako aukera.
Aplikazioan sartzen diren jokalariek, garaia iristean, jokoa hastera doala adierazten duen mezu bat jasoko dute. Aurten, Bai edo Bai izena du zakua eramateko aukera ematen duen azken probak. ETB1eko saioan dirua lortzeko jokoan aritzen dira lehiakideak. Aplikazioaren bidez jokatzen dutenek, berriz, bestelako sari batzuk lortzeko modua izango dute: Mihiluze lehiaketako motxila, botila, bozgorailua, poltsa eta bestelako objektuak.
Aplikazioko jokoa ETBko saioarekin batera aktibatuko den arren, programa telebistan ikusi gabe ere jokatu ahal izango da edozein tokitatik.
Bai edo Bai proban bi galdera erantzun behar dira: Hamaikakoa eta Urrezko galdera. Hamaikakoa-n, hamaika kontzeptu azaltzen dira, eta, galderari erantzunez, EZ edo BAI zutabean kokatu behar dira. Ondoren, Urrezko galdera dator, eta, beste galdera bati erantzunez, 11 kontzepturen artean dauden bi erantzun zuzenak hautatu behar dira.
Telebistako saioan, denbora jakin bat dago proba osatzeko. Hamaikakoa zuzen aukeratu eta Urrezko galdera biak ondo hautatuz gero, zakua irabazten dute lehiakideek. Aplikazioan, ordea, erantzun zuzen gehien dituenak eta denbora gutxien erabiltzen duenak jasoko du puntu gehien.
Egunero ikusiko da zein den eguneko irabazlea, aplikazioan eta telebistan, baina saria asteko irabazleak baino ez du eramango. Hau da, astelehenetik ostegunera bitartean puntu gehien lortu duen jokalariak eramango du opari sorta.
Aplikazioan, taldeak osatzeko aukera dago, eta, bakoitzaren ebazpenak eta puntuazioak ikusteaz gain, taldeetako sailkapenak ikusteko aukera ere badago, ranking orokorraz gain.
Aurtengo probak
ETB1eko lehiaketa iaz itzuli zen programaziora, bederatzi urteko etenaren ostean. Astelehenetik ostegunera ematen du euskarazko kateak, 21:30ean.
Aurten, proben dinamika aldatu egin dute. Aurreko urtearekin alderatuta, hiru bikoteak denbora luzeagoan aritzen dira jokoan. Bestetik, aldaketa esanguratsua izan da azken probakoa.
Lehiaketak aplikazioa izango du orain, baina lehendik ere presentzia nabarmena du eremu digitalean: eduki propioak sortzen dituzte Instagram, X eta Tiktok sareetarako.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek [email protected] helbide elektronikora idatz dezakete, edo 660-99 17 66 telefono zenbakira deitu
'Mihiluze'-ren aplikazioa, prest
Lehiaketa ETB1en ematen ari diren bitartean, aldi berean jokatu ahalko da azkeneko proba

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu