Kazetaritza

Munduan 120 kazetari baino gehiago hil dituzte aurten

Palestinan hil dute aurten kazetari gehien: 93 kazetari hil dira Israelgo armadaren erasoen ondorioz, Wafa agentziaren arabera. Mugarik Gabeko Kazetarien txostenaren arabera, Latinoamerikan iaz baino kazetari gutxiago hil dituzte.

Issam Abdallah Reuters agentziako kazetaria hil dute Beiruten.
Issam Abdallah Reuters agentziako kazetaria urriaren 13an hil zuten, Beiruten. WAEL HAMZEH / EFE
urtzi urkizu
2023ko abenduaren 28a
05:00
Entzun

Hamasen erasoa hasi ondoren urriaren 7an Israelgo Armadak Gazan erasoei ekin zienetik, kazetari ugari hil dituzte. Palestinako Wafa albiste agentziaren arabera, 93 kazetari hil dira israeldarren erasoen eraginez. NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak baieztatu duenez, 50 kazetari baino gehiago erail dituzte, baina gaineratu du kopuru horri beste 30 kazetariren hilketak gehitu dakizkiekeela. Hamasen erasoaren lehen egunean, Israelgo argazkilari bat ere hil zuten. Horren eraginez, gatazka armatuetan hildako kazetarien kopurua nabarmen handitu da aurten. Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak kazetarien lana nabarmendu du, eta haiek babesteko eskatu. Munduan 120 kazetari baino gehiago hil dituzte aurten.

Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak txosten bat argitaratzen du urtero, hildako eta atxilotutako kazetarien berri emateko. Palestinan hil dituzten kazetariak albo batera utziko balira, 2023an kazetari gutxiago hil dituzte munduan aurreko urtean baino; esate baterako, Latinoamerikan txikitu egin da eraildako kazetarien kopurua: iaz, 26 hil zituzten; eta aurten, sei. Mexikon hil dituzte sei kazetari horietatik lau —guztiak krimen antolatuaren gaineko kazetaritza ikerketak egiten ari ziren—. Bestetik, hiru kazetari bahitu egin dituzte. Afganistanen eta Bangladeshen hiru kazetari hil dituzte aurten. Ukrainan, Filipinetan eta Kamerunen, berriz, bi kazetari hil dituzte herrialde bakoitzean.

Ukrainako gerran, iaz bederatzi kazetari hil zituzten. Kopurua askoz txikiagoa izan da aurten. Maiatzaren hasieran, Agence France Presse agentziako Arman Soldin berriemailea hil zuen suziri batek, Bakhmuteko batailaren berri ematen ari zela. Bi aste lehenago, Bohdan Bitik fotokazetari ukrainarra hil zuen frankotiratzaile batek Antonivsky zubian, Khersonetik gertu.

Bangladeshen nabarmen areagotu da kazetarien aurkako indarkeria. Ashiquil Islam, Golam Rabbani Nadeem eta Mossamat Sahara kazetariak hil dituzte.

Txinan, 121 kazetari preso

Mugarik Gabeko Kazetarien datuen arabera, munduan 521 kazetari daude preso. Txina da kartzeletan kazetari gehien duena: 121, hain zuzen ere. Birmanian 68 kazetari daude preso; Vietnamen, 36; Bielorrusian, 39; Errusian, 28; Saudi Arabian, 24; eta Iranen, 21.

Nabarmentzekoa da Pablo Gonzalez kazetariak ia bi urte daramatzala preso Polonian. Otsailaren 28an beteko dira bi urte atxilotu zutenetik. Munduan preso dauden 521 kazetarietatik erdiak baino gehiago epaiketaren zain daude. Hala dago Gonzalez ere.

Bestalde, emakume kazetari asko daude espetxe zigor gogorrenak jaso dituztenen artean: Niloofar Hamedi Irango kazetariari hamahiru urteko espetxe zigorra ezarri diote. Hamabi urteko zigorra jarri diete Bielorrusiako Maryna Zolatavari eta Lioudmila Txekinari, baita Irango Elaheh Mohammadiri ere. Iranen emakumeen eskubideen aldeko mobilizazioen berri ematen zuten bost emakume kazetari kartzelan daude oraindik ere.

Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak albiste pozgarritzat jo du Mortaza Behboudi kazetaria aske gelditu izana. 284 egun egin ditu preso Afganistanen.

Egun, 54 kazetari daude bahituta —horietatik 25 Estatu Islamikoak bahitu zituen—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.