'Musika irudiak eraikiz' sortu dute Gazteak eta Tabakalerak

Bihar egingo dute lehen saioa, 12:00etan, Niña Coyote eta Chico Tornado taldearekin. Ondotik, Youtuben eta Guau plataforman izango da entzungai.

Niña Coyote eta Chico Tornado musika taldea, iaz. JON URBE / FOKU
Niña Coyote eta Chico Tornado musika taldea, iaz. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
2026ko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilean behin, saio berezi bat egingo dute Donostiako Tabakalerako ikus-entzunezkoen laborategian. Gaztea irratiko Ainhoa Vitoria esatariak musikari bat edo musika talde bateko kideak elkarrizketatuko ditu. Haien bideoklipak jarriko dituzte, eta haien inguruko azalpenak emango dituzte. Eta, amaitzeko, kanta pare bat joko dituzte formatu akustikoan. Musika irudiak eraikiz izena jarri diote egitasmoari Gazteak eta Tabakalerak.

Bihar egingo dute lehen atala, 12:00etan. Niña Coyote eta Chico Tornado bandako musikariak gonbidatuko dituzte Tabakalerako laborategira. Sarrera doan da, baina gonbidapena eskuratu behar da aldez aurretik. Hilean behin egingo dituzte saioak. Bertara joaterik ez duenak, edonola ere, saio osoa entzuteko aukera izango du honako toki hauetan: Gaztearen Youtubeko kanalean, Tabakaleraren webgunean eta EITBren Guau audio plataforman. Ez dute bideoz grabatuko.

Mikel Unamuno Gazteako zuzendariak gogoratu duenez, bai Tabakalera, bai euskarazko irratia antzeko ekitaldiak antolatzen aritu dira azkeneko urteetan. «Tabakalerakoek Merina Gris taldearen disko berriaren aurkezpena antolatu zuten. Beste batean, Izaroren bideoklipak aurkeztu zituzten. Eta guk, iaz, Gorka Urbizuren diskoaren aurkezpena antolatu genuen». Bide beretik ari ziren Tabakalera zein Gaztea. «Eta pentsatu genuen ea zergatik ez genituen indarrak batzen, elkarrekin aritzeko. Horrela egin dugu bat». Eta modu horretan sortu dute Musika irudiak eraikiz egitasmoa.

Verde Prato eta Ezezez

Unamunok iragarri duenez, asmoa ez da izango orain bertan diskoak argitaratu dituzten taldeekin saioak egitea. «Edozein artista pasatu daiteke bertatik. Asmoa da haien sormen prozesuak azaltzea, nondik hartzen dituzten erreferentziak, bideoklipak egiten dituztenean zein diren haien erreferenteak, eta abar». Gazteako zuzendariak nabarmendu du estilo anitzeko musikak eta musikariak gonbidatu nahi dituztela. «Saiatuko gara Gaztea irratiko antenan hainbeste entzuten ez diren taldeei ikusgarritasuna ematen».

Hilero izango dira Tabakalerako saioak. Eta guztiak larunbatetan. Otsailekoa Verde Prato musikariarekin egingo dute. Eta martxokoa, Ezezez musika taldearekin. «Lehen hirurak iragarri ditugu, baina lanean ari gara apirilekoari, maiatzekoari eta ekainekoari begira».

Unamunok gonbita egin die herritarrei Tabakalerako saio horietara joateko. Gogoratu du Gorka Urbizuren aurkezpenean 6 urtetik gorako askotariko herritarrak izan zirela entzuleen artean. Adin guztietakoak. Elkarrizketaz gain, musikarien kanta pare bat ere zuzenean entzuteko modua izango dute bertara gerturatzen direnek. Debalde, gainera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.