Euskaraz egindako musika da protagonista Hamaika Telebistaren Musika zuzenean. Hala izan da orain arte, eta hala izango da hemendik aurrera ere, Koldo Otamendi aurkezle eta musika zalearen eskutik. 2017ko uztailean Hamaikan programa ematen hasi zirenetik 334 saio egin dituzte, eta euskal eszenaren hainbat ahotsi egin die tokia Otamendik. Gaur hasiko du denboraldi berria Hamaikan: hamargarren denboraldia dagoeneko.
Denboraldiko lehen atalean, Antifa Hardcore kontzertu bira ezagutzera emango dute, Hoben, Lee Kore eta Konorte musika taldeen eskutik. Hitz Bitan atalera, berriz, Iñigo Iriondo Gatom rap kantaria gonbidatu dute; gaur egun Exitus reggae taldeko abeslaria ere bada Iriondo. «Dagoeneko hasi gara grabaketak egiten, eta datozen asteetan Xabier Badiola, Mikosis, Ohil edo Odolkiak Ordainetan izango dira gure saioan», iragarri du Otamendik.
Musika zuzenean-eko aurkezleak 2017an hasitako bideari eutsiko diola nabarmendu du: «Saioaren filosofiari jarraiki, euskaraz egindako musika da nagusi gure erreportajeetan, betiere, argitaratzen diren disko berriak izanik zutabe nagusi. Egin ditugun 334 saioetan, ez dugu talde bat behin baino gehiagotan gonbidatu, hau da, gurean behin bakarrik elkarrizketatzen dira taldeak; horrela toki egiten diegu talde eta disko berriei». Ez da hori kasualitatez gertatu. «Horrek euskaraz egindako musikaren osasun ona erakusten du. Izan ere, egun euskaraz egindako musika eremu guztietan entzun daiteke, betiko rock eta punk doinuetatik hasi, eta egungo elektronika eta musika urbanora doan bidean ere bai».
Otamendi da saioko zuzendari, aurkezle «eta beste gauza pilo bat»; Beñat Revuelta kamera eta audioetan aritzen da; Agurtzane Barrondo, edizioan; eta Nagore Sarasola diseinuan eta grafismoan.