Irulegiko aztarnategian abiatuko da gaur ETB1eko Tribuaren berbak saioa, 22:20an. Hura induskatzen ari den Aranzadiko taldearen zuzendari Mattin Aiestaranekin elkartuko da Kike Amonarriz. Baskoien herrixka horretako etxe batean agertu zen Irulegiko Eskua. Irulegin bost herrixka daude, bata bestearen gainean eraikita. Lehena duela 3.400 urtekoa da, eta azkena, duela 2.100 urte ingurukoa. Erromatarren arteko gerra zibilaren ondorioz suntsitu zuten, eta horri esker azaldu da horrenbeste aztarna, tartean esku ezaguna. Era berean, Nafarroan batera eta bestera ibiliko dira saioko aurkezleak gaurko atalean.
Izaro Arrutik kaleko inkesta bat egingo du Irulegiko Eskuaren argazkia erakutsiz, eta garbi frogatuko du Nafarroako herritar gehienek erraz identifikatzen dutela irudia. Amonarriz Ekaitz Santazilia filologoarekin elkartuko da, Nafarroako Museoan, Irulegiko Eskua parean dutela. Hark azalduko du ez dagoela argi zer-nolako lotura duen euskararekin: hizkuntza bera ote diren, ahaideak edo ukipenean zeudenak. Bestalde, akitaniera zer den argituko du: Akitanian hasi eta Soria (Espainia) bitartean azaldu diren aztarnekin lotutako hizkuntza. Agertu diren hitzen artean daude: Sesenco, Andere edo Umesahar. Argi dago akitanierak baduela lotura euskararekin, baina ezin omen da esan gaur egungo euskara haren oinordekoa den, ahaideak diren edo elkar ukitzen zuten hizkuntzak ziren.
Patxi Salaberri euskaltzainarekin ere elkartuko dira, eta hark euskara noraino hedatu zen azalduko du Uxueko talaiatik bertatik. Nafarroako Gortean euskara ere erabiltzen zela frogatzen duen 1416ko Matxin Zalbakoaren gutunaren berri emango du, XVI. mendean nafar gehienak euskaldunak zirela azaldu eta euskararen atzerakada eragin zuten faktoreak xehatuko ditu.
Arturo Kanpion nafar idazle euskaltzalea euskararen sustatzaile nagusietakoa izan zen XIX. mende amaieran eta XX.aren hasieran. Iruñeko euskaltegi bati ere ematen dio izena Kanpionek, eta, pertsonaia horren irudiarekin egin duten buruhandia baliatuz, Amonarrizek soinean jarri eta Arrutik kalean galdetuko du ea jendeak badakien nor den.

Ondoren, Sagrario Aleman euskaltzaina eta euskara irakasle ohia elkarrizketatuko dute, eta frankismoaren eta trantsizio garaiaren inguruan galdetuko diote. Aleman Etxalekun jaio zen, herri guztiz euskaldun batean, baina, Iruñera joaten zenean, giro guztiz erdalduna aurkitzen zuen. Euskarak nozitu zuen jazarpena azalduko du, baina frankismo garaian Nafarroako Diputazioak euskara sustatzeko bultzatutako kanpaina baten berri ere emango du. Frankismoaren azken urteetan sortu zen euskararen aldeko mugimenduaren nondik norakoak azalduko ditu saioan, eta gaur egungo egoerari buruz duen iritzia emango du.
Hiru eremuetako hiru gazte
Nafarroa hiru hizkuntza eremutan banatuta dago 1986ko Euskararen Legearen arabera: euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna. Euskaldunean, euskara eta gaztelania ofizialak dira; eremu mistoan, euskaldunek badituzte eskubide partzial batzuk; eta eremu ez-euskaldunean, euskarak ez du eskubiderik, azken urteotan irakaskuntzan zabaldutako zirrikitu batzuetatik aparte.
Zonifikazioak eguneroko bizitzan zer esan nahi duen jakin ahal izateko, eremu bakoitzeko hiru gazte elkartuko dituzte saiorako: Andoni Amadoz, Aitor Blanco eta Kristina Oses. Hainbat gairi buruz ariko dira: haien ibilbide linguistikoa, euskara nola bizi duten, eremu bakoitzean zer sentitzen duten inguruan, Iruñeak zenbateko pisua eta eragina duen, eta etorkizunera begira zer gako nagusi ikusten dituzten.
Arrutik gaur egungo euskararen egoeraren inguruko datu batzuk emango ditu saioan: 1991n, nafarren %9,5 ziren euskaldunak. 30 urte geroago, 2021ean, euskaldunak %14,1 ziren. Bestalde, euskara ulertzen dutenen kopurua %4,6tik %10,6ra pasatu da 30 urte horietan. Adinaren arabera, 65 urtetik gorakoen ezagutza %7,3tik %8,4ra igaro da, eta 16-24 urte bitarteko gazte euskaldunen kopurua %12,2tik %28ra igo da; hala, 1991ko datuak aise bikoiztu dira.
Paula Kasares eta Iñaki Sagardoi NUPeko irakasleek datu horien eta gaur egungo errealitatearen inguruko panoramika zabala egingo dute saioan: euskaldunen kopuruaren gorakada, erabileraren inguruko datuak, jarreretan sumatzen diren aldaketak... Irakaskuntzan lan handia egiten ari baldin badira ere, ezin da ahaztu Nafarroako ikasle gehienek ez dutela inolako harremanik euskararekin. Aitzitik, nabarmentzekoak dira azken urte hauetan euskararen alde Nafarroan sortu diren egitasmo eta mugimenduak, hala nola Agerraldia eta Errigora, Laba gunea, Iruinkokoa...