Naiz irratiaren 'Bigarren kafea'-k festa batekin ospatuko du milagarren atala

Hernaniko Txillida Lekun egingo dute saio berezi hori, ekainaren 12an, ostegunean, 18:00etatik 20:00etara. Gonbidapenak aurretik eskuratu behar dira.

Goiuri Ezeiza eta Inigo Asensio 'Bigarren Kafea' irratsaioko esatariak. NAIZ IRRATIA
Goiuri Ezeiza eta Inigo Asensio 'Bigarren Kafea' irratsaioko esatariak. NAIZ IRRATIA
urtzi urkizu
2025eko ekainaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Komunikabideetan egitasmo asko efimeroak diren garaiotan, Naiz irratiaren Bigarren kafea-k bost urte bete ditu, eta milagarren atalera iritsi da jada. Nahikoa arrazoitzat jo dute ospatzeko, eta saio berezia egingo dute hilaren 12an, Hernaniko (Gipuzkoa) Txillida Leku museoan. Eskultura artean, eguraldia lagun badute bederen. Naiz irratiak goizetan eman ohi du programa hori, baina milagarren atala arratsaldez egingo dute: 18:00etatik 20:00etara.

Iñigo Asensio saioaren sortzaile eta esatariak gogoratu du bostehungarren atala ere ospatu zutela. «Baina Donostiako Aquariumeko antzokian izan zen hura, barrualdean. Oso ondo egon zen, eta orain beste zerbait egin nahi dugu. Ingurukoei asko gustatu zaie ideia».

Goiuri Ezeiza irratsaioko beste esatariak nabarmendu du Txillida Lekukoa saio bat baino gehiago izango dela: «Festa bat». Hori dute asmoa, behintzat. «Azken finean, ospatu egin nahi dugu milagarren saiora iritsi izana».

Musikak presentzia nabarmena izango du hilaren 12ko emankizunean, Asensiok eta Ezeizak argi baitute Bigarren kafea-ren ezaugarrietako bat dela. «Ia-ia euskal eszena guztia pasatu da gure saiotik». Eire Maia eta Janire Arantzabal saioan izango dira, baita Muga taldeko Pablo Zurutuza ere. Asensio ere musikaria da, eta argi du: «Egosiko dugu zerbait». Elkarrizketa akustiko berezia ere egingo dute milagarren atalean, Ines Osinagarekin.

Sari umoretsuak

Saio berezian den-dena ez da serio-serioa izango. Ezeizak iragarri duenez, atzera begira jarriko dira pixka batean. «Saritxo berezi batzuk emango ditugu: gehien mareatu gaituen gonbidatua, kalabaza gehien eman digun gonbidatua, gaupasa eginda etorri dena... eta halakoak. Sari banaketa umoretsua izango dugu. Saioaren ibilbideko mugarri batzuk topatzen ere saiatuko gara».

Iragarpen batzuk egiteko ere baliatuko dute Txillida Lekuko atal berezia. Asensiok azaldu duenez, fikziozko podcast bat estreinatuko dute datorren ikasturtean: Habana.

Bigarren kafea-k egindako bidearekin pozik dago Asensio, eta gogoratu du streaming bidez zuzenean emititzen hasi zen euskarazko lehen irratsaioa izan zela. 2020. urtean zen hori, herritarrak pandemiagatik itxialdian zirela.

Etorkizunari begira jarrita, berriz, Ezeizak esan du gustatuko litzaiokeela aurrera jarraitzea eta beste hainbeste atal egitea. «Euskal Herrian jende asko dago proiektu interesgarri asko dituena, eta plazer hutsa da haiek mikrofono aurrean entzutea. Aurrera egiten badugu, uste dut gai asko daudela oraindik landu ez ditugunak». Egun egiten ari diren bidean eroso dago esataria, era berean: «Oso aske sentitzen gara irratsaioan, oso gertukoak ditugun edo interesatzen zaizkigun gaiak lantzeko». Orain, ospatzea dagokie, egunero ez baitira mila atal betetzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.