Naiz irratiko 'Kosta ala kosta' saioa festarik festa ibiliko da uztailaren 7tik 25era bitarte

Iker Gurrutxagak, Ion Garatek eta Iraia Cambrak egingo dute saioa, 09:00etatik 11:00etara. Euskal Herriko herri askotako festetan ibiliko dira, Lesakan hasi eta Lakuntzan amaitu arte.

Naiz irratiko 'Kosta ala kosta' saioko kideak, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) barraketara igota. MAIALEN ANDRES / FOKU
Naiz irratiko 'Kosta ala kosta' saioko kideak, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) barraketara igota. MAIALEN ANDRES / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2025eko uztailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal herritar askok festarik festa pasatu ohi dute uda, eta Naiz irratiko Kosta ala kosta saiokoak ez dira gutxiago izango. Iaz euskal kostaldeko hondartzaz hondartza ibili ostean, aurten Euskal Herri osoko festetan barrena egingo dute saioa. Uztailaren 7an hasiko dira Lesakako (Nafarroa) sanferminetan eta 25ean bukatuko dute Lakuntzan (Nafarroa), Hatortxu Rock jaialdian. 09:00etatik 11:00etara izango da saioa, astelehenetik ostiralera.

«Uda giroa transmititu nahi dugu, udak ekartzen duen freskotasun hori eman, eta nahi dugu herritarrak izatea protagonistak», azaldu du Iker Gurrutxagak. Hura, Ion Garate eta Iraia Cambra izango dira saioaren gidariak. Irratiko prime time-ean egingo dute saioa, goizean; horregatik, gaupasa egin duenik gurutzatuko dute, baina ez hori bakarrik: «Herriz herri saiatuko gara kontatzen goizeko lehen ordu horiek festetan eta herrietan nola bizi diren. Festa bai, baina dena ez da festa udan, eta ziur nago zer kontatua izango dutela batzuek eta besteek».

Tokian tokiko eragileak eta sortzaileak izango dituzte bidelagun, eta kalez kale pasatuko dituzte goizak. «Iaz hondartzan egin genituen bueltak edozein herritarrekin solas txiki bat izateko; bada, gerturatuko gara okindegi batera, harategi batera, banku batean lasai ederrean eserita dagoenarengana... Horrelako giroa nahi dugu transmititu», kontatu du Gurrutxagak.

Lehiaketa

Hori ez ezik, lehiaketa bat ere egingo dute, iaz bezala. Oraindik sariak erabat zehaztu gabe dituzte, baina «nahiko erraza» izango dela aurreratu du: «Gehiegi zaildu gabe arituko gara. Iaz eztabaida batzuk izan genituen; oso ondo pasatzen genuen erantzun batzuekin, nahiko tranpatiak izan zitezkeelako. Guk geuk jokatzen genuen!».

Musikak ere bere lekua izango du, Gurrutxagak aurreratu duenez: «Udak eskatzen du hori: hitz egitea ondo dago, konpainia egitea ondo dago, baina belarrietatik musika goxoa sartzea beti eskertzen du entzuleak. Hortaz, horri ere begiratuko diogu, udako saio batek eskatzen duena delako, gure ustez».

Lesakatik Lakuntzarako bidean herri ugaritan izango dira, eta zehaztua dute jada noiz non egongo diren: uztailaren 8an Gernika-Lumon (Bizkaia), 9an Baionan, 10ean Bilbon, 11n oraindik ez dakite, 14an Iruñean, 15ean Alegian (Gipuzkoa), 16an Markina-Xemeinen (Bizkaia), 17an Donostian, 18an Zuhatzako udalekuan (Arratzua-Ubarrundia, Araba), 21ean Errenterian (Gipuzkoa), 22an Bermeon (Bizkaia), 23an Mutrikun (Gipuzkoa) eta 24an Villabonan (Gipuzkoa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.