Netflix duten etxeen erdietan animea ikusten dute

Netflix plataformaren arabera, animea ez da nitxokoa, 'mainstream'-a baizik.

'The Rose of Versailles' animea euskarazko azpidatziekin ikus daiteke. BERRIA
'The Rose of Versailles' animea euskarazko azpidatziekin ikus daiteke. BERRIA
urtzi urkizu
2025eko uztailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Netflix plataformak 300 milioi harpidedun baino gehiago ditu munduan. Eta harpidetza duten etxeen erdietan, gutxi gorabehera, animea ikusten dutela jakinarazi du plataformak berak: 150 milioi etxetan baino gehiagotan, alegia. Netflixen arabera, animea ezin da nitxoko edukitzat jo; «mainstream-tzat jo behar da».

Duela egun batzuk, Anime Expo erakusketa egin zuten Ameriketako Estatu Batuetako Los Angeles hirian. Han, Netflixek iragarri zuen anime estrategia bikoiztu egingo duela. Datu esanguratsuek eraman dute horretara. Hain zuzen ere, iaz, ingelesezkoak ez diren edukien Top10 sailkapenean, animeko 33 saio sartu ziren. 2021eko datuekin alderatuta, bi halako dira gehien ikusi diren saioen zerrendan sartu diren anime ekoizpenak.

Beste datu bat ere eman du Netflixek: 2024. urtean, mundu osoan mila milioi aldiz baino gehiagotan ikusi ziren anime edukiak. Saio horiek 33 hizkuntzatan sareratu ditu plataformak. Euskarazko azpidatziekin ikus daitezke anime telesail batzuk; kasurako, Terminator Zero, Hikaru hil zen uda, Nire oni maitea, Akuma kun eta The Rose of Versailles. Euskarara bikoiztuta ez dago animerik.

Netflixen aurten arrakastarik handiena lortu duen animea Sakamoto Days izan da: lehen denboraldiak hamar aste egin zituen mundu osoko Top10ean. 54 herrialdetan estreinatu zuten. Hilaren 14an, atal berriak estreinatzeari ekingo diote. Cyberpunk: Edgerunners da sona handiko beste anime bat, eta bigarren denboraldia estreinatuko du plataformak datozen asteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.