Programaren abiapuntua ez da nolanahikoa: 30 parte hartzaile kartzela batean sartuko dituzte, eta ausaz izendatuko dituzte espetxeko zaindari edo preso. Netflix plataformak The New Stanford Prison Experiment saio berriaren funtsa hitz hauekin laburbildu du: «Saioan ikusiko da ea pertsona arruntak botere, hierarkia eta kontrol sistema batean sartuta kartzelako roletara egokituko diren ezinbestean edo enpatiak, moralak eta indibidualtasunak kontrako norabidean bultzatuko ote dituzten. Presioa handitu ahala, eta boterearen oreka aldatu ahala, galdera nagusia inoiz baino premiazkoagoa izango da: botereak usteldu egiten al du?». Urriaren 21erako jarri du estreinaldi data Netflixek. Hiru ordu laurdeneko sei atal izango ditu lehen denboraldiak, oraingoz. Gero, gerokoak.
Netflixek berak Variety aldizkariari azaldu dionez, saioak ez du gidoirik izango. Alfred Street Industries ekoiztetxeari egin dio plataformak saioa egiteko enkargua. Ekoizle eragileak Jane Lipsitz, Dan Cutforth, Nan Strait, Dan Volpe, Jeff Grogan eta Mike Odair dira.
Saio berriaren abiapuntua 1971. urtean Ameriketako Estatu Batuetan martxan jarri zuten esperimentu bat da. Stanford Unibertsitateko (Palo Alto, Kalifornia, AEB) ikerlari talde batek, Philip Zimbardo buru zela, ikerketa psikologiko bat abiarazi zuen. Haien asmoa zen ikertzea ea nola jokatuko zuten muturreko egoera batean preso edo espetxeko zaindari roletan jarritako gizabanakoek. Iragarkiak jarri zituzten parte hartzaileak lortzeko: 70 herritarrek baino gehiagok eman zuten izena. Horietatik 24 aukeratu zituzten, eta diruaren truke esperimentuan sartu zituzten. Fikziozko kartzela batean, ordea. Baina esperimentua kontrolik gabe garatu zen lehen egunetan: tratu sadikoa eta umiliagarria eman zieten zaindariek presoei, eta haien buru osasunak okerrerantz egin zuen. Egoera deskontrolatzen hasi zen, eta eta egun gutxira esperimentua eten zuten antolatzaileek. Askotariko kritikak jaso zituen bere garaian, etika faltagatik eta metodo zientifikoaren mugak gainditu zituztelako.
Beste film bat eta dokumental bat ere badaude
Netflixen saioan lan egiten ari den ekoizleetako batek, Jane Lipsitzek, adierazi du betidanik liluratu izan duela Standfordeko esperimentuak. «Nahiz eta bere garaian arazo etikoak izan zituen, oinarrizko galdera bat gordetzen zuen: 'Nola eragiten dio botereak erabaki etikoei?'». Saioaren ekoizpena «intentsitate handikoa» izaten ari dela esan dio Lipsitzek Variety aldizkariari: «Netflixek proiektu anbiziotsuak sustatu izan ditu. Arriskuak hartu, mugak hautsi eta desafio berriak kontatzen dituzten istorioak ekoizten ditu. Kasu honetan, oso eskertuta gaude abentura honetan haiekin lan egiteagatik».

Stanfordeko 1971ko esperimentuari buruz gehiago izateko, bada dokumental bat, Juliette Eisner ekoizle eta zinemagileak zuzendua: The Stanford Prison Experiment: Unlocking the Truth. Amazon Prime Video plataforman estreinatu zuten, 2024an.
Denboran atzerago joz, fikziozko film baterako istorio bihurtu zen esperimentu soziologikoa: 2015ean, Kyle Patrick Alvarez zinemagileak The Stanford Prison Experiment filma zuzendu zuen, Philip Zimbardo ikerlariaren liburua oinarri hartuta. Sundanceko zinema jaialdian lehiatu zen, Sail Ofizialean. Orange konpainiaren telebista eskaintzan doan ikus dezakete harpidedunek. Beste streaming plataforma batzuetan, berriz, filma aloka edo eros daiteke.