Netflixek euskarara bikoiztuko duen lehen filma: 'The Sea Beast'

Plataformak uztailaren 8an estreinatuko du film hori, hainbat hizkuntzatan: besteak beste, euskaraz

The Sea Beast animaziozko filmaren fotograma bat. NETFLIX.
urtzi urkizu
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Mapak amaitzen diren tokian eta benetako abentura hasten denean abiatzen da The Sea Beast animazio filma. Itsasoetan barna, makina bat abentura harrigarri biziko dituzte Jacob Hollandek eta Maisie Brumble polizoiak. Netflixek euskarara bere kabuz bikoiztuko duen aurreneko filma da The Sea Beast, eta uztailaren 8an estreinatuko dute mundu osoan. Katalanera, galegora eta beste hizkuntza batzuetara ere bikoiztuko dute. Bilboko Mixer enpresan ari dira film hori euskarara bikoizten. Chris Williams da filmaren zuzendaria —Vaiana, Big Hero 6 eta Bolt sarituak zuzendu ditu, besteak beste—.

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako Netflixen harpidedunek ikusi ahalko dute The Sea Beast filma euskaraz. Duela egun batzuk, euskarara bikoiztutako beste film baten audioa jarri zuen Netflixek: D'Ortagnan eta hiru mosketxakurrak. Baina lan hori soilik Hego Euskal Herrian ikus daiteke; izan ere, filmaren banatzailea beste bat da Lapurdin, Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Frantzian.

Martxoaren 15ean, Netflixek iragarri zuen urtean berrehun ordu azpidatziko dituela euskaraz, eta hogei ordu bikoiztuko dituela. Bikoiztutako edukiak haurrentzat izango dira. Eta The Sea Beast izango da euskarara bikoiztutakoen artean estreinatuko duten aurrenekoa. Lan horiek guztiak Netflixek berak ekoitzitakoak izango dira; D'Ortagnan eta hiru mosketxakurrak ez da Netflixena.

Plataformaren iragarpenaren ostean, Pantailak Euskaraz taldeak zera adierazi zuen: «Aurrerapauso bat da, baina ez nahikoa». Netflix Euskaraz taldeko Eñaut Zearrak ere zera ohartarazi zuen: «Egoera objektiboki aztertuta, argi dugu Netflixek iragarritakoa anekdotikoa dela oraingoz, ez dela inondik ere nahikoa plataformetan euskararen presentziarik ezari buelta emateko». Netflix Euskaraz taldeak Euskalgintzaren Kontseiluak azkeneko hilabeteetan egin duen lana goraipatu du sare sozialetan. Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak modu honetan erantzun du: «Egiari zor, Pantailak Euskaraz-ek jarri gaitu guztiok dantzan».

Katalanez euskaraz baino askoz eduki gehiago daude gaur egun streaming plataformetan. Netflixek hilaren 23an katalanezko beste hiru film hauek jarriko ditu bere katalogoan: Pau, la força de un silenci; Cançó per a tu; eta Vida privada.

Amazon Prime Videon animaziozko bi film baino ez daude euskarazko audioarekin ikusgai. Edonola ere, urtarrilean Amazon Prime Videok iragarri zuen Espainiako film eta telesail original berriak euskarara, katalanera eta galegora azpidatzi eta/edo bikoiztuko dituela. Bikoizten ari direnetako bat Un asunto privado telesaila da.

Disney Plus, Apple TV Plus eta HBO Max plataformetan ez dago euskarara bikoiztutako edukirik. HBO Max-ek duela gutxi Lara Izagirreren Nora euskarazko filma jarri du bere katalogoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.