Seymour Hersh kazetaria ezerosoa izan zen AEBetako hainbat agintari eta erakunderentzat. Ikerketa kazetaritzan murgildu zen urte luzez, boterearen alde ilunak azaleratzeko. Pulitzer saria ere eskuratu zuen 1970ean, eta, hamarkada horretan, CIAren jarduera sekretuen inguruan idatzi zuen The New York Times egunkarian. Haren lanaren garrantzian jarri dute arreta Laura Poitras eta Mark Obenhaus zinemagileek Cover-up film dokumentalean. Ostiral honetatik aurrera, Netflix plataforman izango da ikusgai.
AEBetako zinema kritikarien NBR elkarteak urteko dokumentalik onenaren saria eman dio Cover-up-i. Chicagoko (AEB) kritikarien elkarteko sarietarako hautagai ere izan da lan hori.
Hersh bera ageri da hizketan dokumentalean —88 urte ditu gaur egun—, eta kazetariak aspaldian gordetako oharrak eta agiriak erakutsiko ditu kameren aurrean. Era berean, Poitrasek eta Obenhausek artxiboko materiala erabili dute filmean.
Netflix plataformak iragarri du dokumentala «thriller politiko baten modukoa» dela. «Kazetari nekaezin baten erretratua da. Indarkeria instituzionala eta AEBetako armadaren eta inteligentzia agentzien inpunitatea sakon ikertu zituen kazetari baten lana erakusten du filmak». Boterearen eta ikerketa kazetaritzako prozesuaren tirabirak aztertzen dira dokumentalean.